Eguraldi oso txarra iragarrita zegoen San Sebastian bezperarako eta, zoritxarrez, iragarpenek ez dute hutsik egin. Euria barra-barra ari da 20:30ak aldetik Azpeitian eta horrek bete-betean eragingo dio sansebastianen hasierari.
Izan ere, 22:15ean hastekoa zen helduen danborrada atzeratzea erabaki dute, azken orduan. 23:00etan hasiko da 26 danbor eta barrika taldeen desfilea. Ohiko tokitik abiatuko dira, Olazko Andre Mariaren plaza aurretik, baina ibilbidea ere laburragoa izango dute. Enparan kaletik jaitsi, eta Erdikaletik zuzenean igoko dira plazaraino, gauerdian bandera igotzeko.