Asier Cuevas: "Laguntzen didaten horiengatik guztiengatik lehiatzen naiz"

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 7a, 19:29

Egun berezia izango du martxoaren 23a, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian omenaldia jasoko baitu. Ibilbide luzea bezain oparoa darama Azpeitian bizi den eibartarrak, eta orain 100 kilometroko probetan dabil.

"Logurez nago. Goizean goiz jaiki naiz lanera joateko, eguerdian korrika egitera joan naiz, eta lanera bueltatu gero". Asier Cuevasen hitzak dira (Eibar, 1973), elkarrizketa hasi aurretik. "Gero, berriz joango naiz korrika pixka bat egitera". 10 kilometro egiteari "pixka bat" esaten dio, eta ez da harritzekoa, 100 kilometroko probetan baitabil orain. Ibilbide luzea eta oparoa ari da egiten sei urte zituela korrika hasi zenetik, eta omenaldia jasoko du martxoaren 23an, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian.

Azkoitia-Azpeitia probako antolatzaile batek esana da hau: "Hemen inguruan daukagun atleta onena omenduko dugu aurten, Asier Cuevas".

Polita da nitaz gogoratzea halako lasterketa garrantzitsu batean. Harro egoteko modukoa da.

Omentzeak zer esan nahi du, erretiratu nahi zaituztela?

Esan diot bati baino gehiagori omenduko nautela, baina erretiratu ez [barrezka].

Ezustea izan al da zuretzat omenaldiarena?

Bai, ez nuen espero. Ohitura zen Diegoren [Diego Garcia] inguruan ibili zirenak omentzea, baina uste nuen bukatu zirela omenaldiak, denak omendu zituztelako.

Diego Garcia aipatu duzu, eta berarekin alderatzen edo parekatzen zaituzte. Zergatik?

Diego lanaren bidez egin zen eliteko atleta, ez kalitateagatik. Martin Fiz eta Abel Anton kalitate handikoak ziren, baina Diegoren indarra lana zen. Diego diesela zen gehiago, eta heldu zen lekura heldu zen lanagatik. Nik ere lana dut oinarri, ez naiz kalitate handikoa. Zenbat eta proba luzeagoa izan hobeto moldatzen zen Diego, eta ni ere horrelakoa naiz.

Zeri esaten diozue kalitatea izatea?

Erritmo altuan lasterka egiteko gaitasuna da. 10.000 metrotan, esaterako, Fiz eta Anton 28 minutu azpitik ibiltzen ziren, eta Diegoren marka 28 minututik gorakoa zen.

Lana aipatu duzu, eta lanaren eraginez iritsi zarela iritsi zaren lekura. Zenbat denbora da atletismoan hasi zinela?

Sei urterekin hasi nintzen. Orduan egin nuen lehen lasterketa. 34 urte daramat. Azkeneko 15-20 urteetan atletismoa da egiten dudan kirol bakarra; aurretik beste kirol batzuk ere lantzen nituen.

Zergatik atletismoa?

Beti gustatu izan zait korrika egitea, eta ondoen atletismoan moldatzen naiz. Gustatuko litzaidake futbolaria izatea, baina txarra naiz [barrezka]. Bizikleta ere gustatzen zitzaidan, baina etxean ez zidaten bizikleta erosi nahi. Atletismoa egitea, gainera, erraza da.

Zaletasuna etxetik al datorkizu?

Ez. Berezkoa dut, eta amamak esaten zidan bezala, pozoina zainetan daukat sartuta. Gero, disziplina handikoa naiz, eta ona da hori.

Disziplina edukitzeak zenbateko garrantzia dauka?

Handia. Entrenatzeko garaian oso garrantzitsua da. Lan handia egin behar da urte askoan, eta disziplinarik gabe ezin da.

Berezkoa al du pertsona batek disziplina, ala landu daiteke?

Berezkoa da, baina landu daiteke. Nik landu ere egin dut, baina ez zait zaila egin, gustatu egiten zaidalako korrika egitea.

Zer lan klase egiten duzu entrenamenduetan?

Egunero egiten dut korrika, eta astean bederatzi-hamar saio egiten ditut orain. Lehen hamabi-hamahiru ere osatzen nituen.

Hasierako urte haietara joango gara. Zer lasterketa mota egiten zenituen?

Krossean eta herri lasterketetan hasi nintzen. Irailetik otsailera krossa egiten nuen, eta gero, maiatza-ekainean, pista egiten nuen. Junior-kadeteetan arazoak izan nituen pista egiteko, lesioa izaten nuelako sarritan. Korrika egitean, zorua zapaltzeko erak eragiten zidan lesioa, eta halako batean, antzeman genuen zergatik zen. Pistako lasterketetara ez nintzen ondo heltzen; lauzpabost urtez gertatu zitzaidan gauza bera. Ez nuen denboraldia ondo baliatzen. 18-19 urte nituela osatu nintzen erabat.

Gogorra egingo zitzaizun behar bezala ezin lehiatzea, ezta?

Bai. Sasoi puntu egokia berandu lortzen nuen, pistako denboraldia amaitzear zela, eta sasoia baliatzeko, udazkeneko herri lasterketetan aritzen nintzen.

Lesio haren eraginez pentsatu al zenuen atletismoa uztea?

Ez. Zaletasuna da niretzat, eta lesionatzen nintzenean, beste gauza batzuk egiteko baliatzen nuen denbora: ikasketei denbora gehiago eskaintzen nien, edota mendira ibiltzera joaten nintzen.

Garai hartaz zer oroitzapen dituzu gordeak?

Onak dira oroitzapenak, baina ez garai hartakoak bakarrik. Egin dudan guztiaren ingurukoak ditut oroitzapen onak.

Pista, krossa eta herri lasterketak egitetik zer egitera igaro zinen?

Maratoi erdiekin hasi nintzen. 24 bat urte izango nituen. 2001n, Diego hil zen urtean, oso denboraldi ona egin nuen proba horietan. Hemen, Azpeitia-Azkoitia proban oso marka ona egin nuen, eta gero, Donostiako eta Bilboko probak irabazi nituen. Hor hasi nintzen maratoirako jauzia emateko aukera aztertzen. 2001 hartan egin nuen lehen maratoia, Donostiakoa, eta ondo atera zitzaidan.

Zeri esaten diozu ondo ateratzea?

Marka ona egin nuen: bi ordu eta hamabost minutu. Hasiberri batentzat oso denbora ona da. Garai hartan, gainera, kanpotik jende ona etortzen zen, eta ni baino bost minutu gutxiagoan egiten zituzten probak irabazleek.

Distantzia luzeagoetara zergatik igaro zinen?

Nire gorputza moldatzen hasi zen distantzia luzeetara, eta konturatu ginen hobeto aritzen nintzela maratoi erdian 10.000 metroko lasterketan baino. Zenbat eta luzeagoa izan proba, hobeto moldatzen nintzen.

Maratoi erdiko ibilbide hartatik zer geratu zaizu gogoan?

Donostian eta Bilbon lortu nituen garaipenak ondo gogoan< auzkat. Bilbokoa ez nuen espero, eta Donostiakoa aurreneko edizioa izan zen.

Zer esanahi dauka etxean irabazteak?

Handia da. Kanpoan irabaztea baino bereziagoa. Sentimendua ere ezberdina da.

Maratoira ere 2001ean egin zenuen jauzia, baina orduko marka hobetzea zenbat urte kostatu zitzaizun?

Urte batzuk izan ziren bai. Egin nituen lasterketa onak, eta gertu ibiltzen nintzen nire markatik, baina ezin hobetu. 2008an hobetu nuen, Espainiako Txapelketa irabazi nuenean, eta 2009an lortu nuen oraingo marka: bi ordu eta hamalau minutu.

Ez al da denbora asko marka hobetzeko?

Zorte txarra izan nuen Rotterdamen (Herbehereak) eta Berlinen. Berlinen arazoak izan nituen uraren eta janaren hornidurarekin, eta Rotterdamen min hartu nuen. Ondo nengoen orduan marka hobetzeko, baina maratoiak hori dauka, egun bat da, eta egun horretan dena ondo atera behar zaizu.

Zer pentsatu zenuen orduan, hain ondo egon eta arazoengatik marka hobetu ezinda geratu zinenean?

Alukeria da. Gainera, ni ez naiz atletismotik bizi, eta zaletasun bezala hartzen duenarentzat, gogorragoa da hori gertatzea.

Maratoian gauzak nahi bezala ez ateratzea beste edozein probetan baino gogorragoa al da?

Bi maratoi ezin dira egin tarte txikian, eta horregatik, egiten ari zaren hori da ondo egin beharrekoa. 30 kilometrotik gorakoa zorte kontua da; nik esaten dut suziria botatzearen parekoa dela, leher zaitezke edo ez. 30 kilometrora arte gorputzari ez diozu kalte handirik egiten, baina hortik aurrera, bai. Kale edo bale da hortik aurrera. Oso gogorra da gorputzarentzat maratoia. Azkeneko hamabi kilometro horietan egiten diozun kaltea ez du hain azkar errekuperatzen gorputzak.

Maratoian duzun marka hori hobetzeko asmorik bai?

Uste dut horrekin geratuko naizela. Kilometroa hiru minutu eta hamar segundoan egitearen parekoa da.

Hainbat maratoi egin dituzu, eta zein duzu gustukoena?

Donostiakoa asko gustatzen zait, etxekoa delako. Kanpokoen artean Chicagokoa (AEB) dut gogokoena. Kanpoko proba horietara neure patrikatik ordainduta joaten naiz.

Zergatik Chicagokoa?

Hiria ikusgarria da. Gero, lasterketan giro ederra egoten da, bizitza dauka probak, eta zirkuitua ere ederra da, egokia.

Ezagunena New Yorkekoa (AEB) da ordea; aritu al zara hangoan?

Ez, ez naiz aritu. Mitoa da New Yorkekoa, aurrenekoa izan zelako masifikatzen, baina Chicagokoan New Yorkekoan hainbeste jende ateratzen da.

Zein maratoi egitea gustatuko litzaizuke?

New Yorkekoa.

Zeure patrikatik ordaindu behar horretaz zer diozu?

Hemen lortutako sariek ez dute askorako ematen, eta diru-laguntzak ere ez dira handiak. Hau ez da futbola! [barrezka].

Orain, 100 kilometroko probetan zabiltza. Nolatan?

Beti gustatzen izan zait distantzia hori. 2011n hasi nintzen, eta aurrenekoan, Espainiako Txapelketa irabazi nuen, baina jolas bezala hartu genuen. Udazkeneko maratoi bat prestatzeko joan nintzen.

Distantziaz aparte, jakina, zer alde dago maratoiaren eta 100 kilometroko probaren artean?

Gorputzari paliza ematen diozu, nahiz eta erritmoak baxuagoak izan. Alde horretatik, gorputzak ez du hainbeste sufritzen, baina beste alde honetatik bai: denbora askoan aritzen gara korrika,hanken gainean jauzika denbora asko da. Gero, energia jasotzeko bideak ezberdinak dira: maratoian, glukogenoa erabiltzen du gorputzak, eta 100 kilometrokoan, grasa gehiago hartzen du gorputzak bere baitatik.

Zenbat denboran egin zenuen 100 kilometroko lehen proba?

Sei ordu eta erdi pasa behar izan nituen. Oso gogorra izan zen lasterketa.

Zer iruditu zitzaizun lasterketa bera bukatu eta gero?

Uste baino neke gutxiago neukan, ez zitzaidan oso gogorra iruditu. Maratoiaren aldean, gorputzak neke gutxiago jasan zuela iruditu zitzaidan, baina gero, orduak pasatu ahala, paliza nabaritzen ari nintzen.

Hurrengo pausoak zein izan ziren?

100 kilometroko Munduko Txapelketan aritu nintzen iazko apirilean, Italian. Hobeto prestatu nuen. Laugarren izan nintzen. Esperientzia ona izan zen, baina azkenera arazoak izan nituen: deshidratatu egin nintzen, eta gainera, azkarregi egin genituen hasierako kilometroak. Azkeneko bost kilometroetan oso gaizki pasatu nuen.

Maratoian 30 kilometroak mugarri diren bezala, zein da 100 kilometrokoarena?

80. kilometroa. Horra arte nahikoa erraza da eramaten, baina kolpetik etortzen zaizu ezintasuna. Korrika egitea ere kostatu egiten zaizu... eta hogei kilometro aurretik, ia bi orduko lana.

Proba hura eta gero zer?

Asmoa nuen Behobia-Donostia eta Donostiako maratoia lotzeko, baina Behobia baino bi aste lehenago lesionatu egin nintzen, eta ez nintzen gustura aritu. Donostiko maratoian kale edo bale egitera atera nintzen eta Iboni [Ibon Espartza] laguntzera. Irabazi egin nuen, eta Ibon bigarren izan zen, baina ezin izan zuen bere marka hobetu, egun txarra izan zuen.

Gehien bete zaituen garaipena al da?

Bai. Etxekoak bereziak dira.

Gutxietsi egin al zen zure garaipena kanpoko korrikalarien maila ona ez zelako?

Bi ordu eta hamabost minutu egiten duzuenean, ez da inor akordatzen zurekin. Bi era daude maratoian aritzeko: marka egitera atera edo irabaztera atera. Irabazteak marka egitera eramaten zaitu batzuetan, baina niri egun hartan berdin zitzaidan marka txarra egitea: irabazi nahi nuen.

Zein duzu hurrengo erronka?

100 kilometroko Europako Txapelketa ari naiz prestatzen. Apirilaren 27an da, Frantzian. Ondo doaz entrenamenduak, baina gero ikusiko dugu zer ateratzen den lasterketan.

Zein da helburua lasterketa horretan?

Iazko arantza atera nahi dut, Italiako probakoa. Irabazi nindutenak ez dut uste hobeak zirenik.

Zenbat korrikalari biltzen zarete halako proba luzeetako txapelketetan?

Italian, 600 bat izango ginen.

Ez al da gero eta ohikoagoa korrikalariak distantzia luze horietan aritzea?

Bai. Jendeari gauza berriak probatzea gustatzen zaio, eta ultrafondoko lasterketetan (50 kilometrotik gorako guztiak) gero eta jende gehiago aritzen da. Herri mailako atletismoan asko igo da parte-hartzea. Azken batean, erosoa eta erraza da korrika aritzea.

Ze probetan ikusten duzu zure burua etorkizunean?

100 kilometrokoan. Agian, luzeagoren batean aritzeko haizea sartuko zait egunen batean, baina ez dut uste. Oraingoz, behintzat, ez dut asmorik.

Proba motzagoak betiko utzi al dituzu?

Gustatuko litzaidake horietan berriz aritzea, baina ez dakit ondo prestatu ahal izango ditudan. 100 kilometrokoen prestakuntzak beste probak sakrifikatzera behartzen zaitu. Erabat ezberdinak dira, adibidez, maratoi erdiko eta 100 kilometrokoaren prestakuntzak. 100 kilometrokoan, oso diesela bihurtzen zara.

Igandetan biltzen omen zarete taldean entrenatzeko. Zer da taldea zuretzat?

Azpeitian elkartzen gara batzuk, bospasei izaten gara. IkerMaiora, Ramon Otegi, Ibon Espartza, Luis Alberti eta ni. Denon entrenatzailea da Santi Perez, Diegoren entrenatzaile izan zena. Hemen inguruko batzuk ere elkartzen zaizkigu, Xabat Manzisidor eta. Lagun handiak dira. Zaila izango litzaidake 100 kilometroko probak beraiek gabe prestatzea. Gero, beste talde bat ere badut, masaje emailea eta sendagileak, eta azken batean, beraiengatik lehiatzen dut neuregatik baino gehiago.

Zenbat kilometro entrenatzen duzu urtean?

Astean 150 bat kilometro, batez beste.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide