Azpeitiko Udalak 2025. urtera begira Plan Estrategikoa egingo du, "denok epe luzeko ikuspegi orokorra izateko, eta denon artean nolako Azpeitia nahi dugun adosteko". Hala jakinarazi dute gaur, Udalean ordezkatuta dauden, Bilduko, EAJko eta Hamaikabateko alderdietako kideek. Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez, "Udalean jakitun gara krisi ekonomikoak gogor astindu duela gure herria, eta ezin dugu bakoitzak bere aldetik ibili, soluzioak denon artean hartu behar ditugu".
Plan Estrategikoa udal langileekin eta herritarrekin osatuko dute Udal ordezkariek, eta horretarako, prozesu bat gauzatuko dute. Lehenengo, eta prozesua abiatzeko, Azpeitiko egungo diagnosia egingo dute. Hortik abiatu, eta estrategiak edo helburuak zehaztuko dituzte, gero helburu horiek lortzeko ekintza zehatzak finkatu ahal izateko. Prozesua, uztailean bukatzea espero dute, eta zehaztutako lan ildo eta helburu zehatzak aurrekontuei lotzea ere bai. Urtez urte, "estrategiari jarraipena egitea" nahi dutela ere azaldu dute. Plan Estrategikoan landuko dituzten gaien artean, batez ere, arlo sozial eta ekonomikoakoak izango direla aurreratu dute.
Herritar eta eragileekin hasiko dira lanean egunotan, eta lehenengo batzarra martxoaren 14an, ostegunean, izango da, udaletxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.