San Petriko tximiniatik 19:07an atera zen atzo, asteazkena, ke zuria. Jorge Mario Bergoglio, Francisco, 76 urteko Aita Santu berria izendatu zutenean, hain zuzen. Jesusen Lagundiko aurreneko Aita Santua da argentinarra, eta "Loiolan izandakoa dela frogatzen duen daturik ez dagoela" jakinarazi dio Uztarria.com-i Jesulagunen Loiolako Probintziako buru Juanjo Etxeberriak (Jesusen Lagundia 91 probintziatan banatuta dago eta horietako bat Loiolakoa da): "Loiolan izan bazen duela berrogehi urte edo izango zen, eta momentuz ez dugu ez datu eta ez argazkirik".
Aita Santua Loiolara etortzea "gustatuko" litzaioke Juanjo Etxeberriari: "Loiola oso garrantzitsua da guretzat eta baita Aita Santuarentzat ere. Etortzea nahi balu, guk ahal ditugun bide guztiak jarriko ditugu etor dadin. Baina, ikusi egin behar...".
"Jesuita izan ala ez, ez da hain garrantzitsua, Aita Santua da-eta guretzat", gaineratu du Jesulagunen Loiolako Probintzia buruak. Aita Santu berriaren izendapenak erreakzio ugari eragin ditu, eta Loiolako Santutegikoek adierazi dutenez, hedabide eta jende ugari bertaratu da Loiolara, gaur. Etxeberriak "poztasunez eta itxaropez, eta Aita Santuarekiko leialtasunez" hartu dutela berria adierazi du.
Espainiako Jesusen Lagundiak ere "leialtasunez eta itxaropenez" jaso du Frantziskoren izendapena, eta Espainiako Jesusen Lagundiaren hitzekin bat egiten dutela esan du Etxeberriak. Hemen, adierazpenak.