Txikiek eman diote euskara elkarri

Uztarria.eus 2013ko mar. 20a, 19:10

Korrika iristeko ordu batzuk besterik ez dira falta eta euskararen lasterketa nagusiaren giroa gero eta nabarmenagoa da Azpeitian. Arratsaldean, ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoek, ludoteketako begiraleek eta musika eskolako irakasle eta ikasleek bat egin dute festarekin eta Korrika Txikiak hartu ditu kaleak. Esprinean edo tipi-tapa pauso txikian, igerilekutik abiatu eta plaza Nagusira iritsi bitartean urduritasuna eta parte hartzeko gogoa nahasian izan dituzte korrikalari gazteenek.

Plazan, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Iraurgi Ikastetxeko LH4-ko ikasleek irakurri dute mezua: euskara eman diote elkarri eta euskara elkarri emateko deia zabaldu diote azpeitiar guztiei. Juan Antxieta musika eskolako irakasle eta ikasleek girotu dute, ondoren, gaurkoan ganadu feriarekin plaza elkarbanatu duen festa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide