Bihar, zapatua, da Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta bertan lehiatuko diren punta puntako korrikalarien behin betiko zerrenda zehaztu dute; lasterketako antolatzaile Xeye Atletismo Taldearen ustez, "inoiz ikusi ditugun maila goreneko atletak", ikusi ahal izango dira biharkoan. Azken orduko korrikalarien artean, Mark Korir, Joshephat Menjo goi mailako korrikalaria eta F. Javier Lopez daude. Emakumezkoetan, azkenean ez da izango Yesenia Centeno lesio bat tarteko. Dena den, iaz hirugarren izan zen Edith Chelimok eta Marta Tigabeak hartuko dute parte lasterketan.
Jada hasi dira lasterkariak Azpeitira iristen, eta bidean dira beste hainbat. Mark Kiptoo keniarra, esaterako, herrian da dagoeneko, eta Azpeitira etortzen den lehen aldia ez duen arren, Xeye Atletismo Taldekoekoen laguntzaz herria ezagutzen ibili da goiz partean. Antxieta etxean, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsonentzako egoitzan, izan da Kiptoo eta bertako arduradunekin zein erabiltzaileekin egon da.
Autobusak ibilbide desberdina
Lasterketa dela-eta, Euskotrenek ibilbidea aldatu egingo du 15:00etatik 19:00etara. Anbulatorio eta Sanjuandegiko geralekuak kendu eta Suhiltzaileen Parkearen aurrean geratuko da. Loiolan, trenaren geltoki zaharrean geldituko da; Etxezuriko eta Trenaren Museoko geralekuen ordez, sahiesbidean geldituko da, museoaren gaineko pasabidearen aurrean. Proba nagusia 16:30ean hasiko da Azkoitiko Julio Urkijo kalean. Herrikoia, berriz, 16:15ean abiatuko da.