Joan den zapatuan, 13:00ak aldean, hamalau lagun zauritu ziren Burdinbidearen Euskal Museoan, lurrun trenak izandako istripuan. Lasaora joan etorrian ibiltzen den lurrun trenak aparkatuta zegoen erakusketako tren bat jo zuen.
35 bidaiari ziren istripuaren unean trenean, eta haietatik hamalauri zauri arinak eragin zizkien istripuak. Hori dela-eta, batzuk Azpeitiko anbulatorioan artatu zituzten eta beste batzuk euren kabuz hospitalera joan ziren.
Istripuaren eraginez museoa zabalik izan da asteburuan, baina lurrun trenaren zerbitzurik ez dute eskaini.