55 auto gidari izango dira XIV. Azpeitiko Rallysprintean

Uztarria.eus 2013ko mai. 2a, 15:26

Euskal Herriko eta Gipuzkoako Rallysprint Txapelketetarako puntuagarria da proba hau. Antolatzaileen arabera, "ez dago faborito argirik". 15:00etan hasiko da proba.

Datorren zapatuan, hilak 4, izango da Lagun Artea taldeak antolatutako Azpeitiko XIV. Rallysprinta. 55 auto gidarik eman dute izena Euskal Herriko eta Gipuzkoako Rallysprint Txapelketetarako puntuagarria den proban. Antolatzaileen arabera, "ez dago faborito argirik": "Asko dira lasterketa irabazi dezaketen taldeak, eta ikuskizuna ziurtatuta dago".

Iazko irabazlea, Joxe Labaka bertan izango da Eli Bergararekin batera (Mitsubishi EVO). Jon Davozek eta Vicky Gorrizek ere hartuko dute parte rallysprintean, eta baita Iban Tarsiciok eta Iñigo Fernandezek ere (Mitsubishi EVO IX). Josetxo Zapiain (Renault Maxi Megane) gidariak aurrenekoz hartuko du parte Azpeitiko proban, eta Juan Luis Sarasolak lagunduko dio. Bestalde, Iñaki Alberdi eta Jorge del Cid ere parte hartzaileen artean izango dira (Ford Escort MI-II).

Aurrez aipatutako Joxe Labaka eta Eli Bergara zein Iñaki Alberdi eta Jorge del Cidez gain, beste hainbat herritarrek hartuko dute parte Azpeitiko rallysprintean. Besteak beste, Iban Etxaniz eta Jexux Etxeberria (Clio Sport), Jokin Aiertza eta Aitor Otaegi (BMW 325i), Gari Zubizarreta eta Natalia de Dios (Renault Clio Williams), Urtzi Oteiza eta Janett Uzkudun (Ford Scord RS200), Hodei Intxausti eta Jon Albizuri (BMW).

Egiaztapenak zapatuan izango dira, 10:00etatik aurrera epaitegi aurreko plazan. Gero, 14:00etan, abiatuko dira autoak Antzibar poligonora, azken ukituak emateko. 15:00etan hasiko dira erlojupeko probak.

Azpeitiko Rallysprintera joan ezin dutenek interneteko www.lagunartea.com edo www.fotomotor.com webguneetan denboren berri-eta zuzenean jakin ahal izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide