Benantxio Irureta hil da, Aneton

Uztarria.eus 2013ko mai. 11a, 19:09

Benantxio Irureta Pakistango mendietan, 2011n, Kilometroak-en bandera eskuetan.

Lagun talde batekin zebilen mendian eta amildegi batean erori zen zapatuan, maiatzak 11. 14:00ak aldera gertatu zen ezbeharra. Gorpua atzo ekarri zuten Azpeitira eta arratsaldean zabalik egon zen tanatorioa. Gaur, astelehena, 08:00etan Azkoitiko tanatoriora eraman dute hilotza, han errausteko. 16:00etatik aurrera Lagun Onak Mendi Bazkunaren aretoan izango dira Iruretaren errautsak, eta hileta elizkizuna 19:00etan hasiko da, Soreasuko San Sebastian parrokian.

Benantxio Irureta (Aizarna, 1953) mendizalea zapatuan, maiatzaren 11, hil zen, Aneto mendian istripua izanda. Lagun talde batekin zebilen mendian eta amildegi batean erorita zendu zen azken 34 urtean Azpeitian bizi zen aizarnarra.

Herenegun autopsia egin, eta atzo, igandea, iritsi zen Azpeitira Iruretaren gorpua. Arratsaldean Azpeitiko tanatorioa zabalik egon zen eta jende ugari bertaratu zen. Gaur, astelehena, 08:00etan eraman dute Iruretaren hilotza Azkoitiko tanatoriora, errausteko. 16:00etatik aurrera Lagun Onak Mendi  Bazkunaren aretoan izango dira errautsak, eta hileta elizkizuna 19:00etan hasiko da, Soreasuko San Sebastian parrokian.

Irureta Azpeitiko eta inguruko mendizaletasunaren erreferentzia izan da azken hamarkadetan. Urte ugari zeraman Azpeitian eta, Uztarria aldizkarian 2011ko udan egindako elkarrizketa luzean aitortu zuen bezala, Azpeitian sortu zitzaion mendiarekiko grina. Himalaian, Andeetan, Alpeetan, Pirinioetan... hainbat mendi igotakoa zen. Zortzimilako bat ere bai, Yalung Kang (8.505 metro), 1988an, Azpeitiko espedizioarekin (Iruretaren artikulua). Aurten 25 urte beteko dira espedizio hartaz eta Iruretak Yalung Kangera itzuli nahi zuela zioen orain dela bi urte, "gailurrera ez, baina oinarrizko kanpamendura joan eta Yalung Kang ikusi, hemen natxeok oraindik esateko".

Poz asko eman zizkion mendizaletasunak "une garratzak" ere ekarri zizkion Benantxio Iruretari. 2001ean, Pumori mendirako espedizioan joan zen Irureta eta espedizio hartako bost kide hil ziren beste istripu batean, tartean Beñat Arrue azpeitiarra(ikusi urte hartako azaroko Uztarria aldizkaria). "Ahaztu egin behar dudala behin baino gehiagotan esaten didate, baina nik ez dut ahaztu nahi, Pumoriko istripua nire bizitzako parte da", zioen Aizarnakoak orain dela bi urteko elkarrizketa hartan.

Beste elkarrizketa batzuk

"Pakistandik txundituta etorri naiz zenbat mendi dagoen ikusita" (2011).

"Orain dela 25 urte ere abuztuaren 21ean igo genuen Huascaran, egun berdinean" (2007).

- Elkarrizketa digitala (2009).

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide