Gaur, ekainak 21, Iñigo Ibargurenen Triangelu irristakorra eleberria aukeztuko dute Azpeitiko Udal Liburutegian (Enparan dorretxea), 19:00etan hasita. Gaumin argitaletxeak argitaratu du Ibargurenen liburua.
Gaumin argitaletxeak asteazkenean aurkeztu zuen Fernando Morilloren Pasio krimena liburua, Donostian. Eleberri hori ere Gaumin argitaletxeak kaleratu zuen. Uztarria.com-ek Ibargurenekin hitz egin du liburuaz eta gaurko aurkezpenaz
Zerekin egingo du topo zure liburua irakurtzen duenak?
Liburua nobela bat da. Berrogei urte inguruko hiru protagonistaren istorioa kontatzen du; bi gizon eta emakume batena. Liburuaren hasieran pertsonaiak ez dira ezagutzen, baina pixkanaka beraien artean harremanak sortu eta korapilatzen hasten dira. Haur txikiak ere badituzte, eta haiek, arazoak daudela konturatzen diren arren, ez dira gertatzen ari dena ondo ulertzeko gai. Istorio nagusiaren atzean, ordea, arrazismoa, tratu-txarrak eta beste zenbait gai ezkutatzen dira.
Gaumin argitaletxearekin argitaratu duzu liburua, nolakoa izan da esperientzia?
Ona. Lehenagotik idatzi dudan liburua, Iraganaren pisua, autoeditatu egin nuen. Gaumin argitaletxea Fernando Morillok sortutakoa da. Ongi moldatu naiz beraiekin, jende jatorra da. Oso ondo tratatu naute.
Aurkezpena Azpeitian egitea erabaki duzu.
Bai, neure herrian bertan egingo dut. Horrela lagunak eta ingurukoak ere gertuago izango ditut.