Asteburuan hasiko da Azpeitia Dantzan ekimena

Uztarria.eus 2013ko uzt. 4a, 13:30

Itsasiko dantzariak iazko Azpeitia Dantzan ekimenean.

Igandean izango da lehenengo emanaldia, eta Jose Mari Orbegozoren ikasleek saloiko dantzak egingo dituzte Soreasu antzokian. Uztailaren 21a bitartean, bost emanaldi izango dira herriko txoko desberdinetan.

Igandean, hilak 7, hasiko da Azpeitia Dantzan ekimena. Igandetik uztailaren 21a bitartean, bost dantza emanaldi izango dira. Azpeitiko eta Azkoitiko dantza taldeez gainera, beste dantza talde batzuk ere eskainiko dituzte saioak.

Jose Mari Orbegozoren ikasleen saloiko dantzen emanaldiarekin hasiko da aurtengo edizioa igande honetan, eta 20:00etan hasiko da saioa, Soreasu antzokian. Hurrengo emanaldia hilaren 13an, zapatua, izango da. Sahatsa Dantza Taldeak tradiziozko dantza eta doinuen emanaldia eskainiko du, Juan Luis Lizaberen zuzendaritzapean. 22:00etatik aurrera izango da, Soreasu antzokian.

Hilaren 14an, igandea, dantza garaikidea ikusteko parada izango da plazan, 19:30etik aurrera. Izan ere, Organik Dantza Taldeak Carneros/Ahariak emanaldia taularatuko du, Natalia Mongeren gidaritzapean. Itsasi Dantza Taldeak hilaren 20an eskainiko du emanaldia, 22:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Ainara Bidal eta Maite Maiz taldeko kideek prestatu dute ikuskizuna. 

Bosgarren eta azken dantza emanaldia hilaren 21ean, igandea, izango da. Bertan Dil Shad taldeak ekialdeko dantza ikuskizuna eskainiko du. 18:30ean izango da, Sanagustin kulturgunean.

Hemen egitaraua osorik

Uztailak 7, igandea: Jose Mari Orbegozoren ikasleen saloiko dantzen emanaldia. 20:00etan, Soreasu antzokian.

Uztailak 13, zapatua: Sahatsa Dantza Taldearen tradiziozko doinu eta dantza ikuskizuna. 22:00etan, Soreasu antzokian.

Uztailak 14, igandea: Carneros/Ahariak dantza garaikide emanaldia. 19:30ean, plazan.

Uztailak 20, zapatua: Itsasi Dantza Taldearen emanaldia. 22:00etan, Soreasu antzokian.

Uztailak 21, igandea: Sebastopol dantza taldea eta Dilshad dantza taldearen emanaldia. 4 kontinenteetako dantzak. 19:30ean, Sanagustin kulturgunean.

---

Itsasi Euskal Kultur Taldea. Sorrera: 1977. / Itsasi Euskal Herriko dantza talde bat da, eta bere helburua euskal kultura landu eta zabaltzea da. Orain dela 23 urtetik ari da lan horretan, euskal dantzak mundu osora zabaldu nahian. Dantza eta musika eskola ditu, ttuntturroak, danborradako taldea... / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Sahatsa Dantza Taldea. Sorrera: 1976. / Azpeitiko eta Azkoitiko lagunez osatuta dago, eta euskal folklorea ezagutaraztea eta zabaltzea du helburu nagusia. Azkoitiko Baztartxo antzokian du entseguen egoitza. / sahatsa.com/ Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide