"Gazteluko erregeak Nafar Mendebaldea konkistatu zuenetik 800 urtetik gora pasatu badira ere, 500 urte egingo ditu, uztailaren 25ean, Albako Dukea Nafarroa Garaia konkistatzera Iruñeara armaturik sartu zenetik", azaldu dute Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeko kideek.
Hori dela-eta, 11:45ean Nafarroako bandera Olazko Andre Mariaren plazatxotik plazara eramango dute, gero, 12:00etan, Nafarroako bandera udaletxeko balkoian jartzeko. Gero, plazako sagardo-txosnatik banderari agurra egingo diote "orduan independentziaren alde egin zutenak gogorarazteko eta gaur gogo bera bizirik dugula ospatzeko", Konkistak jarrai... independentzia gogoak ere bai! esanaz. Horren ostean, Nafarroako banderarekin ikurrinaren dantza egingo dute, eta bukatzeko, bertso bat abestuko dute sagardoarekin topa eginez.
Hemen abestuko den bertsoa:
"Nafarroako sagarraren
adarraren puntan
puntaren puntan
azpeitiarrok gaude bizirik
txiruliruli-txiruliruli
etengabe ernatzen dugu
herri kimu hori".