"Pozik" eta "zorionak" hitzak behin eta berriz entzun ziren atzo, asteartea, udaletxean. Ez-ohiko udalbatzarrean, Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta Hamaikabaten (H1!) kontrakoarekin, Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrari behin betiko onarpena eman zioten; "azkenean", Eneko Etxeberria alkateak esan bezala. Orain urtebete Espainiako Auzitegi Gorenak 2007ko Arau Osagarrien berrazterketa baliogabetu ondoren, lehendik ere lehentasunezkoa zen plangintzaren onarpena are eta beharrazkoago bihurtu zen Udalarentzat.
Bai alkateak udal gobernuaren izenean, bai oposizioko alderdietako bozeramaleek -kontra bozkatu zuen H1!-eko Aitor Arangurenek barne-, poza adierazi zuten, "urte asko eta gero" Azpeitiak hirigintzako Plan Orokorra baduelako, epaitegietan atzera botatako aurreko plangintzen lekua hartu eta hirigintza kontuetan arauak bete eta betearazteko balioko duen dokumentua. Ibilbide luze eta gatazkatsu baten azken urratsa zen, beraz, atzokoa. Iazko uztailean emandako hasierako onarpenaren eta aurtengo otsailean emandako behin-behinekoaren ondotik, behin betiko onartu dute datozen zortzi-hamar urteetarako Azpeitian indarrean izango den Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorra.
Alderdi guztiek onartu eta aitortu zuten azken dokumentu hori osatzeko egindako lana: teknikariena, eragileena, alderdiena eta Udalarena. Baita Hamaikabatek ere, lehendik aipatutako prozedura eta eduki mailako desadostasunak medio planari ezezkoa eman arren.
"Udala kinka larrian egon da urte askotan -esan du gaur alkateak-, bai ardura aldetik eta bai ekonomikoki, Udalaren tresna garrantzitsuena ezeztatuta egon baita, horrek ekarri dituenekin: lizentziak ezin eman, eztabaida judizialak... Pan honi esker, hau guztia gainditu egiten da. Gatazka guztiei eta herritarrei irtenbidea eta babesa ematen zaie, babes juridiko osoarekin". Etxeberriaren esanetan, plan berriarekin "korapilo denak askatzea" lortu dute, "oso-oso gatazatsuak izan eta 15 urtez korapilatuta egon diren eremuenak" barne. "Jauzi kualitatibo oso garrantzitsua egon da, beraz". Alkateak "gauzak ondo egin" izanaren uste osoa azaldu du. Horregatik, eta orain arte Azpeitiko hirigintza arauek epaitegietan izan dituzten gatazkak gogoan, "planaren ardura eta sendotasuna pertsonalki" bere gain hartzen dituela azpimarratu nahi izan du Eneko Etxeberriak.
Kronologia
- 2007-04-20: Lurzoruen Planeamendurako Arau Osagarriak behin-betiko onartu zituen Udalak
- 2008ko azaroa: EAEko Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi zituen Udalak onartutako Arau Osagarriak
- 2009-07-24: Hiri Antolamendurako Plangintza Orokor berria egitea onartu zuen Udalak
- 2012-11-07: 2007ko Arau Osagarrien berrazterketa baliogabetu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak
- 2013-09-17: Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorra behin betiko onartu du Udalak.