"Aurreneko aldiz bailarako jubilatuen elkarteak bat egin, eta Jubilatuen Eguna antolatu dugu. Nolako aukera ederra elkarrekin gure eskubideen alde egiteko", azaldu du Azpeitiko Baigera erretiratuen elkarteko batzordekide Joxe Mari Iturriak.
Erretiratuek bazterketarik eta injustiziarik ez dutela onartuko adieraziko dute larunbateko bilkuran. "Bizitzeko baldintza duinen alde egiten ahaleginduko gara", diote. "Bankuei diru-laguntzak ematen dizkiete, eta guri murrizketak".
Kalean, protagonista
Beren eskubideen alde erretiratuek eurek egin behar dutela uste dute Baigerakoek. "Geuk egin behar dugu gure eskubideen alde. Jubilatuon artean, ezarri dizkiguten murrizketak direla-eta haserrea badago, eta hori adieraztera kalera atera beharra dugu", esan du Iturriak. "Protagonistak geuk izan nahi dugu, eta izan behar dugu", gaineratu du Baigera elkarteko lehendakari Jose Ignacio Etxeberriak.
Bailarako hiru herrietako erretiratuen elkarteek bat egin, eta Garatzen elkartea dute sortuta. "Arlo soziala elkarrekin lantzeko eta ekitaldi batzuk batera antolatzeko sortu genuen Garatzen", azaldu dute Baigerakoek. Aisialdiko hainbat ekitaldi antolatzen dute erretiratuen elkarteek, baina arlo sozialean jarduteko beharra zegoela-eta hori lantzen hasi ziren. Hala ere, aisialdiko irteera bat edo beste ere bailarakoek elkarrekin egiten dituzte.
Elkargune izango den eguna, festarako ez ezik, murrizketen aurrean desadostasuna azaltzeko baliatuko dute. Horregatik, larunbatean, 13:00etan, elkarretaratzera deitu dituzte bailarako erretiratuak, pentsiodunak eta alargunak. Horrekin batera, langabetuei, gazte langabetuei eta emakume langabetuei elkartasuna adierazi diete erretiratuek.
Bideak eginez eta zabalduz
Datozen hilabeteotan ere Azpeitiko Baigera erretiratuen elkartekoek Pentsioen Legea eta osasun arloa landu nahi dituzte hitzaldien bitartez.
Horrez gainera, ordea, beste hainbat ikastaro eta asmo ere badituzte Azpeitiko erretiratuek urtea bukatu bitarterako: KZGunean erretiratuentzako informatikako ikastaro bat jarri dute martxan, eta bederatzi lagun dabiltza bertan. Horrez gain, informatika ikasi nahi dutenek Baigeran izena emateko aukera zabalik dute.
Euskal dantzen ikastaro bat ere jarri nahi dute abian, eta Juan Antxieta Musika Eskolakoen eskaintza ere jaso dute Baigerakoek. Mendi ibilaldiak egiteko talde bat ere osatuta dute azpeitiarrek. "Hemezortzi bat lagun biltzen gara, eta dagoeneko bost ibilbide egin ditugu".
Bailarako Jubilatuen Egunaren egitaraua
Hauek dira urriaren 5erako antolatu dituzten ekitaldiak:
- 10:00. Ongietorria herriko plazan.
- 10:30etik aurrera: Loiolako ibilaldiaren irteera, mus txapelketa, eta toka eta igel jolasak.
- 12:00. Mokadutxoa, ardoa eta txotxeko sagardoarekin. Trikitilariak, abeslariak eta bertsolariak.
- 14:30. Bazkaria Azoka plazan.
- Bazkal ostean, abeslariak, bertsolariak eta dantza saioa... aspertu arte!