Piriz aske uztea deliberatu du Auzitegi Nazionalak, eta Ernagaren inguruko erabakia atzeratu du

Berria.info, Uztarria.com 2013ko urr. 25a, 17:20

 Beste 54 presoren eskariak ere mahai gainean zituen Auzitegi Nazionalak; Gorenean eta Konstituzionalean helegitea jarri dutenen kasuan, epaitegi horien esku utzi du erabakia. Gainerakoen inguruan, ostiraleroko osoko bilkuretan erabakiz joango da. 197/2006 doktrina aplikatuta dauden presoen artean da Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak gaur, ostirala, egin du osoko bilkura, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz pasa den astelehenean emandako ebazpena nola ezarri aztertu beharko du gaurkoan. nola ezarri aztertzeko. 09:15ean batzartu dira aretoa osatzen duten hamazazpi epaileak, Fernando Grande Marlaskak zuzenduta, eta 14:00 aldera jakinarazi dituzte bertan hartutako erabakiak.

Josepa Ernaga askatzeko data aurreratzeko eta Juan Manuel Piriz libre uzteko eskaerak izan dituzte mahai gainean, baina baita doktrina ezarria duten auzi guztiez batera edo banan-banan erabakiko duten ere. 54k aurkeztu dute eskaera, baina epaitegiak esan du 49 jaso dituztela.

Ernagaren inguruko deliberoa atzeratu egin dute, edozer ebatzita ere espetxean jarraituko duelako oraindik. Piriz, ordea, libre utziko dute. 2009az geroztik behar zuen aske. Bestalde, Gorenean eta Konstituzionalean helegitea jarri dutenen kasuan, epaitegi horien esku utzi du erabakia Auzitegi Nazionalak. Gainerakoen inguruan, ostiraleroko osoko bilkuretan erabakiz joango da. Hiru eguneko epea eman dio fiskalari horien inguruko txostenak prestatzeko.

197/2006 doktrina aplikatuta dagoen presoen artean da Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra. Paterrak 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina (Parot delakoa) ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela-eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra. Urola Kostako Hitza-k Joxe Arruti Paterra-ren anaiarekin hitz egin du, eta Estrasburgoren ebazpena modu positiboan baloratu du. Balorazioa irakurtzeko egin klik hemen.

2012ko maiatzeko aldizkarian Arrutiren inguruko erreportajea kaleratu zuen Uztarriak.

Astelehenean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak ebatzi zuen Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 5.1 eta 7. puntuak urratu zituela, Ines del Rioren espetxealdia luzatuta. 2008ko uztailetik libre behar zuen Del Riok, eta Estrasburgok esan zuen bost urte zeramala legez kanpoko atxiloaldian. Asteartean utzi zuten libre.

Gorena ere aurki bilduko da

Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak esateko zer duten ere ikusteko dago. Goreneko Zigor Aretoko bigarren salak aurreratu du datozen egunetan bilera bat egingo dutela Estrasburgoren erabakia aztertu eta erabaki bat hartzeko. Gorena izan zen 2006. urtean doktrina sortu zuen auzitegia. Gorenean bost helegite daude.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide