Fagor Etxetresna Elektrikoak Kooperatiba Elkarteak atzo, asteazkena, aurkeztu zuen Fagor Etxetresnak S. Coop.-entzat eta Fagor Ireland Ltd. filialarentzat hartzekodunen borondatezko konkurtsoa, Donostiako merkataritza arloko epaitegian. Fagorrek atzo adierazi zuenez hartzekodunen konkurtso batean Arrasaten dituen bi lantegiak, Bergarakoa eta Antzuolakoa sartuko ditu; bestean Basauriko Edesa; eta hirugarrenean, Azpeitiko Grumal S.L. enpresa. Baina Grumaleko langileek ez dakite ezer horren gainean. Lantokiaren etorkizunaz "informaziorik ez" dute.
ELAko eta LABeko Grumaleko langileen ordezkariek Urola Kostako Hitza-ri azaldu diotenez, orain dela hamabost egun bezalaxe daude. "Orduan bideragarritasun plan baten zirriborroa egiten ari zirela eta bertan Grumaleko 45-50 langile aurreikusten zirela esan ziguten Fagorreko bitartekariek, ez besterik. Ordutik beste informaziorik ez dugu jaso. Orain hamabost egun bezalaxe gaude. Planik ere ez digute aurkeztu. Edesaz asko hitz egiten da, baina Grumalez batere ez".
Gaur egun Grumaleko Azpeitiko lantokian 95 langile ari dira lanean, bi errelebotara. Baina Grumaleko beste 53 langile hainbat kooperatibatan birkokatuta daude aldi baterako bazkide bezala, eta Edesaren bidez. 53 langile horiek gaur egun etxean daude, "Lana Erregulatzeko Txostena ezarrita, oporrak hartuta…", baina haien etorkizunaz ere ez dute informaziorik.
Ostiralean, protesta egitera
Bizi duten egoeraren berri ematera eta euren haserrealdia erakusteko Grumaleko langileak Arrasatera, MCCren egoitza nagusiaren aurrera, joango dira protesta egitera bihar, ostirala. 11:30ean egingo dute elkarretaratzea.
Joan den asteazkenean egin zuten Mondragonek, Fagorrek eta instituzioek Fagor Etxetresnaken etorkizunaz hitz egiteko bilera, eta joan den astean bertan hasi ziren Grumaleko langileak mobilizatzen.