Oihane eta Naiara Larrañagak diseinatuko dute 2014ko San Sebastian egunean haur danborradarekin batera aterako den karroza. Udalak antolatutako lehiaketara bost proiektu aurkeztu dira aurten eta Etchola Atelier enpresako azpeitiarrek jasoko dute 1.500 euroko saria.
Udaleko Festa batzordeak gaur, asteartea, jakinarazi du lehaiketaren epaia. Udalak adierazi duenez, proiektu honek "Udalak eskatutako betebeharrak" jasotzen ditu: "2014ko karroza horretan goraipatu behar den gaia modu egoki eta profesionalean azaldu dute. Imanol Eliasen sentimendua eta izaera, eta ikerketzaile nahiz idazle lanak modu eguneratu batean aurkeztu dituzte".
Aurkeztu diren beste egile guztiei eskerrak eman dizkie Udalak, eta zorionak ere bai "profesionaltasun maila eta kalitate handiko proiektuak aurkeztu baitira aurtengo ediziora".
Karroza egiteko gaia Imanol Elias Odriozola (1936-2013) da. Horrenbestez, Azpeitiko idazle, historialari eta kronista ofizialaren ingurukoa izango da haurren danborradako karroza.