Hondakinetan... 'déjà vu'

Pello Elorza (Azpeitiko EAJren izenean) 2013ko abe. 31a, 13:32

Azpeitiko EAJk gaur, asteartea, hedabideetara bidali duen oharra da hurrengoa.

Déjà vu sentsazioa, lehendik bizi izandako egoera bat berriro bizitzearena, horixe izan dugu. Orain 15 bat egun bilera bat izan zen udaletxean, hondakinen kudeaketaren gainekoa, ziotenez. "Hiru sistema" agertu omen ziren, "oposizioaren bedeinkapena jaso nahian", Azpeitia Zero Zaborren esanetan. Bilera hura penagarria eta lotsagarria izan zen: penagarria, hartua dagoen erabaki bat atzera botatzeko asmoarekin egin zelako, eta lotsagarria, balizko "datu" horiek presaka eta aztertzeko denborarik gabe eman zirelako ("hiru sistemen" sarrera eta gastuen taula, lau-bost minutu eskasetan "pasatu" zen). Eta gero, atez ateko sistemaren goraipamena egiteko erabili zelako.

"Oposizioak" egin zituen galderak bilera horretan. Adibidez, zertara zetorren Udalak jadanik hartutako erabaki bat (edukinontzien bidez birziklatzearena) zalantzan jarri nahian ibiltzea (alkatea bera ere "jokoz kanpo" harrapatu zuena). Edota Oviedon (eredu moduan jarri zena) zabor organikoa ez dela birziklatzen entzuteak sortu zigun harridura.

"Oposizioaren bedeinkapena" aspalditik dago jasoa: edukinontzien bidez birziklatzearen bidetik. Azpeitian herritarrak ASPALDITIK ari dira birziklatzen, ezeren zain egon gabe. Baina 5. edukinontziaren bidez sailkatzen ari zirenei, lagundu egin beharrean, zergetan ematen zitzaien hobari xixtrina ere kendu egin zaie. Hori al da birziklatzeari laguntzea? Ala "konpost komunitarioa" egiten dutenek bakarrik birziklatzen dute?

Bai, behingoz serio ekin behar diogu birziklatzeari. Argazkiak, aurkezpenak eta txotxolokeriak alde batera utzi, eta udal teknikariek eginak dituzten plangintzak aztertu eta onartu, kontzientziazio-kanpainak egin, jendeari irakatsi nola birziklatu behar den eta lagundu... eta, orain urtebete inguru udalbatzak, aho batez oraingo honetan ere, hartutako erabakia eta hitza bete: Lapatx 2014an itxi.

Horra hor jadanik lortua dagoen adostasuna: edukinontzien bidez birziklatu, eta Lapatx itxi.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide