Gehiago birziklatzeko ideiak jasoko dituzte lehiaketa bidez

Uztarria.eus 2014ko urt. 13a, 11:41

Herriko zebrabide guztietan jarri dute 'Birziklatu' hitza.

Urola Erdiko Mankomunitateak Birziklatu kanpaina jarri du abian. Lehiaketa antolatu dute gehiago birziklatzeko ideiak jaso ahal izateko, eta hilaren 31 bitartean egin ahalko dira proposamenak.

2014. urteari hasiera ezinhobea emateko, sentsibilizazio ekimenen bidez ingurumena zaintzeko eta birziklapena areagotzeko kanpaina berria jarri du abian Urola Erdiko Mankomunitateak. Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen laguntzaz Birziklatu kanpaina jarri dute martxan, eta mankomunitatea osatzen duten herrietako (Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Aizarnazabal, Bidegoian, Beizama) zebrabideetan Birziklatu irakurri daiteke.
 
Urola Erdiko Makomunitateak gehiago birziklatzeko ideiak jaso nahi dituela-eta, lehiaketa bat antolatu du. Urtarrilaren 10etik 31 bitartean izango da lehiaketa, eta Urola Erdiko herrietan bizi diren herritarrek hartu ahal izango dute parte. Herri horietako etxeetara eskuorri informatzaile bat banatuko dute lehiaketaren ezaugarriekin. Lehiaketak birziklapenarekin lotutako hainbat iradokizun edo proposamen egiteko balio du eta hiru sari banatuko dira parte-hartzaileen artean: bi pertsonentzako bi asteburupasa nekazalturismo batean eta spa zirkuitu baterako bi sarrera. 
 
Parte hartzaile bakoitzak birziklatzeko ideiarekin batera, izen-abizenak, telefono edo mugikorraren zenbakia eraman beharko ditu norbere herriko udaletxera. Epai-mahaia Urola Erdiko Makomunitateko kideek eta Urola Erdiko udal guztietako ngurumen teknikariek osatuko dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide