Jartzen aurrenak

Uztarria.eus 2014ko urt. 17a, 12:40

Azpeitiko udal taldea, 1974ko San Inazio egunean.

1977ko San Sebastian bezpera aparteko poztasun eguna izan zen, ikurriña udaletxeko balkoian jarri zutelako. Egun hartan bizitakoaz-eta hitz egin du Uztarriak aldizkariaren urtarrileko zenbakirako Manuel Altuna Kanpaxa-rekin eta Rafael Larrañaga Txortena-rekin.

Azpeitian festa giro bikainekoa izan ohi da San Sebastian bezpera, baina 1977ko urtarrilaren 19 hura aparteko poztasun eguna izan zen azpeitiar gehienentzat, ilunabar hartan, azkenean, ikurriña udaletxeko balkoitik zintzilik ikusi zutelako. 
 
Garai hartan, udal taldean zinegotzi ziren Manuel Altuna Kanpaxa-k (Azpeitia, 1939)  eta Rafael Larrañaga Txortena-k (Azpeitia, 1924) ondo gogoan dute 1977ko urtarrilaren 19 hartan Azpeitiko udaletxe aurrea jendez beteta zegoela. "San Inazio bezperan adina jende edo gehiago zegoen. Negar egin zutenak ere baziren, gerran ibilitako jendea eta". Une historiko hunkigarri hartan, ordea, ikurriña kalean ikusteak min ematen zien zenbaiti. Altunaren esanetan, "gerran ikurriñaren kontra ibilitako karlistek ez zuten onartzen. Neu karlista izana, haien ustetan ikurriñaren kontra ibilia eta, gero, udalean ikurriña ateratzearen aldekoa, karlistek ez ninduten begi onez ikusten". Azpeitian, gainera, gauerdian beharrean ordu batzuk lehenago jarri zuten ikurriña udaletxeko balkoian. "1977ko San Sebastian bezperan, Luziano Lazkanoren hileta zen, eta parrokiara bidean haren gorpua ikurriñaren azpitik igaro zedin nahi izan zuten". 
 
Ikurrina jartzea erabaki zenean, Silvestre Otamendik dagoeneko alkatetza utzita zeukan (1972tik zen alkate eta 1977ko ekainaren 3an eman zuen dimisioa) eta haren ordez Agustin Pratek betetzen zituen behin-behineko alkate lanak. Pratek gazteleraz eta Imanol Eliasek euskaraz, udaletxeko balkoi nagusitik irakurri zuten udalbatzar osoak ikurriña jartzeko hartutako erabakiaren testua, behean Plaza betetzen zuten herritarren txalo zaparraden artean. Larrañagaren esanetan, behin testua leituta, "Gora Euskadi Askatuta edo Gora Euskadi esatera ez zen ausartu Prat, eta Gora Euskal Herria esan zuen". Festa handia izan zen, txistulariekin  eta ekitaldiaren amaieran Gernikako arbola kantatuta.

Bergarako bilkura, 1976an

Ikurriña balkoian ikusteko urratutako bidea ulertzeko, atzera egin behar da denboran. Uztarriak argitaratutako Imanol Eliasen liburu biografikoak jasotzen duenez, urtebete pasa lehenago, 1975eko azaroaren 20an, hil zen Franco, eta aro berri bati hasiera eman zitzaion orduan. Demokraziarako trantsizioa egin nahi zen garai hartan, Euskal Herriko hainbat udaletxetan irekitasun handiago baten aldeko pausoak eman nahian zebilen jendea ez zen falta. Bergarako alkate Jose Luis Elkorok bultzatuta, lau alkatez osatutako Alkateen Taldea herriz herri bilerak antolatzen joan zen, udalak demokratizatu beharraren premia nabarmenduz. Azpeitiko udal ordezkariek ere hartzen zuten parte bileretan.  
 
Alkateen mugimendu haren ekintzarik adierazgarriena 1976ko uztailaren 21ean egin zen, Bergaran, foruen galeraren mendeurreneko egunean, hain zuzen. Bergarako Udalak Euskal Herriko gainontzeko udal guztiak gonbidatu zituen eta, guztira, 69 korporaziok hartu zuten parte. Altunak dioenez, ekitaldi hartan izan ziren Azpeitiko sei udal ordezkari ere: Kanpaxa bera, Agustin Prat, Iñaki Urkia, Lorenzo Soraluze, Tomas Bereziartua eta Imanol Elias. "Bizitzan ez dut ahaztuko Bergaran bizitakoa. Ikurriña aterako genuela konpromisoa hartu genuen. Azpeitira bueltan, Aizpurutxon bazkaldu genuen".      
 
1977ko urtarrilaren 18an, euskal herritarren eta udalen presioa zela medio, Rodolfo Martin Villa Espainiako ministroak gobernadore zibilei agindu zien ikurriñaren aurka ez jotzeko, ikurriña beti ere Espainiako banderarekin batera agertzen bazen. Hala, euskal udalek erabaki zuten urtarrilaren 20an ikurriña jartzea beren udaletxeetan. Azpeitian eta Donostian, ordea, egun bat aurreratu ziren.

Aro berriko lehen udal taldea

Udal hartako kideak "elkarren artean oso ondo konpontzen" zirela dio Altunak. "Eztabaidak izaten genituen, baina ondoren kafea hartzera edo afaltzera joaten ginen elkarrekin Txokonera. Jabier Arakistainek antxoa goxoak prestatzen zizkigun”. “Ni baratzuri-zoparekin akordatzen naiz", dio Larrañagak.
 
Lehenengo udal hauteskundeak egin eta aro berriko aurreneko korporazioa osatzeko (1979an osatu zen lehen udal korporazioa herrian) presioa egiteko asmoz, 1978ko ekainaren 29an, zinegotzi kargutik euren dimisioa eman zuten Kanpaxak, Lorenzo Soraluzek, Txortenak, Inazio Urangak, Imanol Eliasek, Jabier Arakistainek eta Estanis Iriartek.

Gertaera latzak eta hunkigarriak

Franco diktadorearen heriotzaren aurreko eta ondorengo lehen urteetako udal talde hari une historiko zailak bizitzea egokitu zitzaion. "Gertaera latzak eta hunkigarriak bata bestearen atzetik" gertatzen zirela dio Manuel Altuna Kanpaxak. Angel Otaegi nuarbetarrari ezarri zioten heriotza zigorra eta fusilamendua, kasu. Otaegi 1974ko azaroaren 18an atxilotu zuten, urte hartako apirilaren 3an Azpeitian Gregorio Posadas guardia zibilaren hilketan parte hartzea leporatuta. 1975eko abuztuaren 29an, heriotza zigorra ezarri eta fusilatuta hil zuten, irailaren 27an. "Heriotza zigorraren berri jakin genuenean, erabaki hura atzera botatzeko eskatzeko mozioa aurkeztu genuen lau zinegotzik: Rafael Larrañagak, Lorenzo Soraluzek, Imanol Eliasek eta nik, eta udalbatzarreko osoko bilkuran mozioa aurrera atera zen. Garai hartarako, udalaren aldetik oso jarrera gogorra izan zen erabaki hura. Gogoratzen dut, gobernadore zibilak Silvestre Otamendiri telefonoz deitu ziola, hari halako akordiorik ez bidaltzeko esanaz. Silvestrek,  ordea, erantzun zion akordioa hartuta zegoela eta bidali egingo ziola". Azpeitiko Udalaren eskaerak, ordea, ez zuen nahi bezalako erantzunik jaso. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide