Koparik gabe, baina seigarrenez egingo dute Azpeitian Zuzenien Igoera Bertikala

Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 22a, 12:16

Elurrak are gogorragoa egin zuen iazko igoera bertikala.

Martxoaren 9an egingo dute proba Azpeitian, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko.

Martxoaren 9an egingo dute Azpeitian Izarraizko VI. Zuzenien Igoera Bertikala, eta izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Berrikuntza nabarmen batekin dator aurtengo igoera, izan ere, 2010etik jokatzen zen Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa bertan behera geratu da. Azpeitiko eta Uharte Arakileko igoerarekin batera, Anbotoko eta Txindokiko igoerek osatzen zuten koparako puntuagarri ziren proben zerrenda. Hainbat arazogatik, ordea, azken biek ez dute aurten igoerarik antolatuko. Ondorioz, Uhartekoa eta Azpeitikoa proba solteak izango dira aurten.

Lagun Onak Mendi Bazkunako Iñigo Odriozolak azaldu duenez, "Kopa jokatzea parte hartzeko pizgarri sendoagoa izan zitekeen, eta ikusiko dugu aurten nola erantzuten duen jendeak". Horrelako proba bat antolatzeak aurkezten duen zailtasun handiena "ekonomikoa" dela azaldu du Odriozolak. "Eskualdeko egoera ikusita, gainera, askoz ere zailagoa egiten da antolaketarako dirua lortzea. Dena den, proba honek ez du gastu oso handirik, eta denok lana eginda txukun ateratzen dugu". Elkarteko kideez gain, boluntario katea eratzen dute egun horretan lanerako.

Izena emateko epea zabalik

Zabalik da jada VI. Zuzenien lasterketan parte hartzeko izena emateko epea. www.kirolprobak.com webgunearen bidez egin beharko da martxoaren 5a baino lehen. 250 parte-hartzailerentzako tokia izango da

Maiatzaren 11n X. Izarraitz Mendi Lasterketa egingo dute eta, parte hartzea sustatzeko, antolatzaileek abantailak eman nahi dizkiete bietan parte hartuko dutenei; hala, martxoaren 5a baino lehen bi lasterketetan izena emanez gero, 20 euro kostako da txip horia, eta 24 txip txuria. Igoera bertikalerako soilik izena emanez gero, berriz, 13 euro kostako da txip horia (txipa dakarrenarentzat) eta 15 euro txip txuria (txip gabe datozenentzat).

Sariak guztientzat

Martxoaren 9an 10:00etan hasiko da erlojupeko proba. 2,8 kilometro eta 800 metroko malda gainditu beharko dute. Lasterkariak banan-banan aterako dira, eta irteera orduak martxoaren 8an argitaratuko dituztewww.lagunonakmb.org webgunean.

Lehen postuetan iristen direnentzat sariak egongo dira. Bizkorrenak 300 euroko saria eramango du, 200ekoa bigarrenak, 100 eurokoa hirugarrenak eta 50 eurokoa laugarrenak. Horrez gain, saria izango dute lehen beteranoak eta lehen juniorrak, eta marka hausten duenarentzat 500 euroko sari berezia egongo da. Gizonezkoen marka Aitor Osak du (26’41’’ ) eta Ana Condek du emakumezkoena (33’48’’).

Edozein modutan, parte hartzea eskertzeko eta egindako ahalegina aitortzeko, parte-hartzaile guztiek jasoko dute opari poltsa bana, eta hainbat produktu zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide