Azpeitiko Udalak, Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, baratza parkea prestatu du Olatz auzoaren eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren arteko zelaian. Aritz Epelde zinegotziak azaldu duenez, "jendearen eskaerak eta herriko egoera ekonomikoa aintzat hartuta ikusi genuen baratza gehiago behar zirela". Azpeitian, egun, guztira, 120 baratza daude erabilgarri; Otzaka aldean 2007tik daudenak eta Olatz ondoan egokitu duten zelaian egin dituztenak.
Otzaka eremuko baratzak 2007an egin eta banatu zituen Udalak herritarren artean. Baratza haietako bakoitzak 170 metro karratu zituzten. Aritz Epeldek esan duenez, lehen zeuden baratzak "handiak" ziren: "Ekoguneak 4 kideko familiako 60-80 metro karratuko saila eskaintzea gomendatzen du, eta bikoteko 40 metro karratukoa. Hori dela eta, txikitu egin ditugu, eta baratza gehiagotan banatu. Orain, guztira, 80 bat baratza daude Otzaka eremuan". Azpeitiko Ikastola Ikasberri ondoan egin duten baratza parkean, berriz, 40 metro karratuko 44 baratza egin dituzte.
2007tik baratzak dituzten erabiltzaileak daudenez 120 baratzetatik 90 banatuko ditu maiatzean Udalak. Horietatik erdiak jubilatuentzako eta beste erdiak langabetuentzako izango dira; lehentasuna horiek izango dute. Dena den, landunek ere eman dezakete lur-saila eskuratzeko izena, eta lekua balego horiek ere eduki ahal izango dute euren baratza. Horiez gain, herriko eragileek ere eman ahalko dute izena. Epelderen aburuz, "lehen sektoreko kultura ez galtzea garrantzitsua da, eta horretarako langabeak eta erretiratuak guneetan nahastuko ditugu".
Epeldek jakinarazi duenez, izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta Azoka Herritik-en izena eman zuten 117 lagunek ere inskribatu beharko dute, hilaren 25a baino lehen. Udaletxeko harreran edo Azpeitia.net webgunean daude eskuragarri bete beharreko orriak, eta udaletxeko harreran utzi beharko dira bete ostean. Gero, eskari guztien artean zozketa egingo du Udalak.
Baldintzak
Baratzak nekazaritza ekologikoan oinarritutako proiektua izanik, erabiltzaileek "baldintza eta betebehar zehatzak" izango dituzte: "onuradunek ez dituzte erabiliko lurrari kalte egin ahal dioten produktuak, eta eskuratzen diren fruitu eta barazkiak bildu ahal izango dituzte baina kontsumorako soilik; debekatuta dago produktu horiek saltzea".
Bestalde, baratza eskuratzen dutenek Ekoguneak antolatutako nekazaritza eta barazkigintza ekologikoko ikastaroan hartu beharko dute parte.
Baratzak bost urterako izango dira, baina urtez urte aztertuko dituzte baratza izateko bete beharreko baldintzak.