'3052' liburua aurkeztuko du gaur Mamadou Dia senegaldarrak

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 13a, 11:44

19:00etan Sindikatu Zaharrean, Senegaldik atera zenetik hona arte bizitakoak azalduko ditu.

Bizimodu hobeago baten bila abiatu zen egun batean Mamadou Dia senegaldarra, 22 urte zituen cayuco hartara igotzea erabaki zuenean. Amets baten bila abiatu zen egun hartan hasi zen bere odisea, urrezkoa zela esan zioten mundu horretara. Baina, ez urre, eta ez dizdira, etorkinaren bizimodu lazgarriak kolpatu baitzuen, bete-betean.

Atlantikoa zeharkatzen pasatako zortzi egunak eta handik aurrera gertatutakoak 3052, amets baten bila liburuan jaso ditu Mamadou Diak, eta gaur, asteartea, aurkeztuko du Azpeitian. Zubiola S. Koop NerGroup enpresak antolatuta, 19:00etan hasiko da hitzaldia, Sindikatu Zaharrean. Egileak esan izan du liburu hau idatzi zuela topatu zuenak "erabat harritu zuelako", eta bere herrikideek jakin zezaten "zer den benetan hemen topatzen dena".

Zazpi urte daramatza Espainian, eta 2012an Hahatay gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen; bere liburuaren salmentarekin finantzatzen du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide