EAJk salatu du herriko kaleak "zabortegiak" diruditela asteburuetan, egun horietan ez direlako hondakinak jasotzen. Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramailearen arabera, Bilduk hondakinen gaiari "erantzunik eman gabe" jarraitzen du, agintean hiru urte pasa ostean. Kritikatu du herritarrak Bilduko udal zinegotzi baten liberazioa ordaintzen ari diren arren, gaia kolokan dagoela. Horregatik, arduradunei eskatu die aurkez dezaten behin betiko proiektua, "hondakinen bilketa integrala" bermatzeko.
Gorrotxategik gogorarazi du EAJk baiezkoa eman ziela 2014ko udal aurrekontuei, hain zuzen, alkateak hondakinen gaia konpontzeko emandako bermea eta konpromisoagatik, baina oraindik "ezer ez" dela egin. Ildo beretik, honakoa adierazi du Gorrotxategik: "Hondakinen kudeaketa bada termometroa neurtzeko Azpeitiak zer gaitasun, efikazia, efizientzia eta sinesgarritasun duen erronkei aurre egiteko, jai dugu".
Bestalde, esan du ez duela "inolako zentzurik" konpostatzaile komunitarioak egiten "milaka euro" gastatzeak, asteburuetako bilketa arrazoi ekonomikoengatik kendu bada. Horrez gain, pixoihalean kontua ere aipatu du Gorrotxategik. Adierazi du, emaitzak argitaratuz gero, ikusiko dutela zer emaitza ematen dituen kanpainak.
Horrenbestez, bozeramaileak eskatu dio alkateari "isilik" ez egoteko, eta udalbatazak "aho batez" onartutako akordioa gauzatzeko; bestela, lan egiteko modua ez delako koherentea Udalak aldarrikatzen duen "gardentasunarekin eta partaidetzarekin".