Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Udaleko Parekidetasun sailak antolatuta, ikasturte amaierako jaialdia eskainiko dute ikasturtean zehar kitarra eta antzerki tailerretan parte hartu duten emakumeek. Ostiralean, maiatzaren 23an, 18:30ean izango da jaialdia eta bertan kitarra eta antzerki emanaldia ikusi ahal izango dira. Aurrena, Amaia Garmendiak zuzendutako kitarra kontzertua izango da. Segidan, 19:00etan, Jabetze Eskolako antzerki tailerrekoek Orekaren desoreka antzezlana egingo dute, Alaitz Olaizolak zuzenduta. Emanaldiak bukatutakoan, 21:00etan, afaria izango da Sanagustinen. Afarirako txartelak 20 eurotan jarri dituzte salgai udaletxeko Parekidetasuneko sailaren bulegoan edota Emakumeen Txokoan.