Trinitate jaiak ospatuko dituzte asteburuan Nuarben

Uztarria.eus 2014ko eka. 11a, 19:33

Larunbatean hasi eta astelehenean amaituko dira festak. Denetik prestatu dute astebururako: musika eta jaia, umeentzat eta helduentzat. Bestalde, abestia egin diete 'triniei', giroa berotzen has dadin.

Trinitate festak ospatuko dituzte Nuarben, ostiraletik igandera. Aurtengoan, gainera, hamaika ekitaldi antolatu dituzte, eta herritar guztientzat egongo da zeregina jaietan. Larunbatean, sokamuturra eta auzo afaria izango dira. Afarira joateko Nuarbeko elkartean edo Facebookeko 'Nuarbeko Jaiak' orrialdean eman daiteke izena. Gauez, musika izango da nagusi auzoan, En Tol Sarmiento ska taldearekin eta Trikizio Zegamako musikariekin.

Bestalde, autobus zerbitzua antolatu dute Azpeititik Nuarbera, eta alderantziz:

  • Azpeititik Nuarbera, anbulategi aurretik: 16:00etan, 22:00etan eta 23:00etan.
  • Nuarbetik Azpeitira: 20:00etan, 02:00etan eta 04:00etan.

Igandean, besteak beste, Gipuzkoako Arraza Libreko Artzain Txakur Kanporaketa eta motozerra abidaura proba jokatuko dituzte. Ondoren, erromeriaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, Izerren eta Alabierreren eskutik.

Honakoa da egitarau osoa:

Ekainak 14, larunbata
- 15:00. Txupinazoa.
- 16:30. Sokamuturra.
- 19:00. Bertso poteoa.
- 20:30. Herri afaria.
- 23:00. Kontzertuak, ETS eta Trikizio taldeekin.
Ekainak 15, igandea
- 12:00. Meza, Izaskun Ibarrona sopranoarekin.
- Ondoren. Mokadua, Musika Eskolako trikitilari eta txistulariekin.
- 16:30. Umeentzako puzgarriak.
- 18:00. 2014ko Gipuzkoako Arraza Libreko Artzai Txakur Kanporaketa.
- 19:30. Apustua, motozerra abiadura proba.
- Iluntzean. Izerrek eta Alabierrekin erromeria saioa eskainiko dute.
Ekainak 16, astelehena
- 17:30. Ume jolasak.
- Iluntzean. Laja eta Narbaizarekin erromeria.

Ereserkia, musikaz jositako jaientzat

Nuarbeko Trinitate jaietarako abestia sortu dute zenbait musikarik. Jasone Gereñok jarri dio letra. Soinua, ahotsa eta muntaia Josu Arrizabalaga Izer-enak dira, eta Ines Osinagak lagundu dio. Abestiaz gain, beste berritasun bat dute Trinitate jaiek, maskota berria baitute: erlea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide