Edurne Brouard: "Korrikaren beharrik ez den egunean ere nik egin egingo nuke"

Urola Kostako Hitza 2014ko uzt. 16a, 19:50

Brouard eta Silva, Sanagustinen. (Miriam Tamayo)

Aho bizarrik gabe mintzatu zen atzo Edurne Brouard, Sanagustin kulturgunean. Alex Silva kazetariak jarri zizkion puntuak AEKko irakasleari eta Korrikako koordinatzaile ohiari. Irakasle senaz, euskararen egoeraz, Korrikaren inguruko lanaz eta sentipenez eta aitaren oroitzapenez hitz egin zuen, besteak beste, Brouardek. 50en bat lagun izan ziren.

"Irakaskuntza da, antza, nire bokazioa, eta oso gustura nago berreskuratu dudanetik", zioen Edurne Brouardek atzo Aho Bizarrik Gabe solasaldiaren hasieran, Alex Silvak azken urteko jardunaren inguruan egindako galderari erantzunez. Izan ere, sei urtez Korrika egitasmoko arduradun izan ostean, iazkoa amaitzean kargua utzi zuen. Lekeitioko AEKn euskara irakasten du egun Brouardek.

Euskararen egoeraren inguruan aritu ziren lehenik: "Egia da ez dela garai onena, baina bizi naizenez geroztik ez da inoiz garai onik izan", zioen Brouardek, "baina baikorra naiz, eta honek aurrera egiteko zantzuak ditu, kezkatzeko arrazoiak badauden arren". Nafarroan euskararen egoeraren inguruan zioen hangoa dela "munduan bere hizkuntzaren aurka egiten duen gobernu bakarra", eta Iparraldeari dagokionez, "zailtasunak bestelakoak" dira bere ustez, "euskararekiko arrotza eta chauvinista den gobernu batek kudeatzen duelako hango hizkuntza politika".

Euskara mantentzeko, herri txikietan nahiz hiri handietan egin behar da lan Brouarden ustez, eta euskararen aldeko militantzian dabiltzanak goraipatu zituen, Silvak Azpeitian euskara talde berri bat sortu dela azaldu zionean.

Korrikaren antolakuntzan lan egin du Brouardek azken hogeitaamar urteetan, eta zuzendaritzan, azken seietan. "Korrikak badu lotzen zaituen zera magiko bat", zioen. Magia hori gauza askok sortzen dute: "Lekukoak berak, denok gara beharrezko esaten baitu eskuz esku doanean; euskararen lurralde osoan egiten dela eta korrika egiten dela, esanez bezala ez dugula astirik astiro ibiltzeko". Magiaren parte dira beretzat antolakuntza eta hedakuntzan lan egiten duten militante "langile eta on" horiek ere.

Brouardek iaz pasa zuen bere lekukoa, "etapa bat bete delako eta ona delako Korrikarentzat jende berria sartzea. Arriskua dago bestela gauzak ohituraz eta beti horrela izan delako egiteko".

Korrika beharko ez den egunaz galdetu zion Silvak: "Iritsiko da bai, egun hori, baina, egun horretan ere korrika egingo nuke nik, ospatzeko eta gozatzeko; eta esateko lortu dugula eta behar ez dugun arren jarraitzen dugula, gustuko dugulako".

GAL-en biktima 

Santi Brouard aitaz ere galdera sorta egin zion Silvak. "Guretzat beti izango da aita, laguna, maisua, militante kidea eta gaur egun, guretzat eta besteentzat, duintasunaren eta koherentziaren erreferente bat", erantzun zuen. GAL-ek 1984ko azaroaren 20an hil zuen Santi Brouard. "Denok genekien gerta zitekeela. Baina, noski, heriotza beti da kolpea". Egun hartan Edurnek Herri Batasunaren egoitzara deitu zuen batzar batengatik galdezka, eta telefonoz esan zioten aitari tiro egin ziotela. "‘Non?’ galdetu nuen nik, ez baitzen gauza bera eskuan jaso ala buruan. ‘Kontsultan’ erantzun zidan hark", azaldu zuen. Aitaren heriotzak publiko bihurtu zuen Edurne Brouard. Aitak "goitik behera" markatu dio ibilbidea; "naizen erdia aitari esker naiz, erdia baino gehiago ez bada".

Hilketaren ikerketa kritikatu zuen Brouardek Azpeitian: "Ikerketa egin behar zuenak oztopoak jarri ditu. Hori da Espainiako justizia". GALen biktima bezala, inongo babes instituzionalik ez dutela jaso azaldu zuen, "baina hainbestekoa da 30 urte hauetan herritarrengandik eta gizartetik jaso dugun maitasuna eta babesa, faltan ere ez dugula bota babes instituzionala".

Gleencree ekimenean parte hartu zuen Brouardek, jatorri ezberdineko indar armatuen biktima izan direnek osatutako taldean. "Klandestinoki deitu gintuzten, eta zalantza askoren ondoren, parte hartzea erabaki nuen", azaldu zuen. Orain "pozik" dago joan izanaz, "aberasgarria eta eredugarria» izan zelakoan baitago. "Baina oso gogorra da han entzun behar direnak entzutea", azaldu zuen. "Balio izan digu ohartzeko ez dakigula dena, eta egiatzat jotzen genituen gauzak batzuetan ez direla horrela. Topiko asko erori zitzaizkigun alde bateko zein besteko biktimei". Gleencreek izan duen dohain nagusiena, beretzat, izan da "han bakoitzak geneukala geure ikuspegia eta inork ez diola inori eskatu bere jarrera edo ideologia aldatzeko". Ideologia eta iritzi guztiak errespetatu beharra dagoela nabarmendu zuen, "eta guztiak diot, ez dadin egon debekatutako ideologiarik".

Euskal gatazka "dudarik gabe" konponbiderantz doa bere ustez. "Egon gaitezke gauza batzuekin ados edo ez, baina honek atzera buelta zaila dauka", azpimarratu zuen.

Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin kulturguneak, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitza-k antolatutako zikloko zortzigarrena izan zen atzoko solasaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide