Urriaren 15ean amaituko da gazteen alokairurako diru-laguntzak eskatzeko epea. Udalak uda aurretik aurkeztu zuen laguntza hori, baina informazio gehiago nahi dutenak Azpeitia Lantzenek Sindikatu Zaharrean duen egoitzara joan daitezkeela jakinarazi dute. Guztira, 150.000 euro inbertituko ditu erakundeak udalerriko gazteei aukera hori emateko, baina laguntza eskuratzeko zenbait ezaugarri izan beharko dituzte interesatuek. Hemen laguntza lortzeko bete beharreko baldintzak:
- 18 eta 35 urte bitartean izatea.
- Hamar urtez edo gehiagoz Azpeitian erroldatuta egotea.
- Gehienez, urtean, 28.000 euroko diru-sarrerak izatea, laguntza eskatzen duena pertsona bakarra bada. Eskatzaileak bi edo gehiago badira, gehienez, 35.000 euroko diru-sarrerak izatea, guztien artean.
- Ekaina baino lehen alokairuan daudenek 650 euro baino gutxiago ordaindu beharko dute alokairuagatik; ekainaren ondoren mugitu direnek, berriz, 550 euro baino gutxiago.
Udalak, berriz, honakoa eskainiko du:
- Alokairuaren erdia ordainduko du erakundeak, baina kopurua 250 eurokoa izango da, gehienez.
- Alde Zaharra indartzeko egitasmoaren baitan, inguru horretan alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute gazteek.
- Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.
- Alokairua ordaintzeko diru-laguntza eskuratu ostean, herritar horiek ezingo dute Udaleko beste laguntzarik lortu.
Horrenbestez, Udalak gazteak animatu nahi ditu diru-laguntza horiek eskatzera eta Azpeitia Lantzeneko bulegora joatera, informazio edo laguntza eske.