Erika Olaizola: "Lan hau guk sortu dugu, guk landu dugu eta guk antzeztuko dugu"

Uztarria.eus 2014ko urr. 31a, 11:00

Erika Olaizola, Miren GaztaƱaga, Amancay GaztaƱaga eta Ainhoa Casina aktoreak.

Euli Giro antzezlana aurkeztuko dute gaur, Soreasu antzokian, Erika Olaizola eta Ainhoa Casina azpeitiarrek eta Miren Gaztañaga errenteriarrak. Amancay Gaztañagak ere lan handia egin du obra osatzen, baina ezin izango du parte hartu estreinaldian. Antzezleentzat antzerki "berezia" da gaurkoa, beraien "haurra" aurkeztuko baitute jendaurrean.

Euli Giro aurkeztuko duzue bihar [gaur]; eta, gainera, zuetako batzuek etxean antzeztuko duzue. Nola sentitzen zarete?

Erika Olaizola: Egia esan behar badut, ez dut gehiegi pentsatu horren inguruan. Uste dut antzezlan hau berezia dela; izan ere, oraindik ez dut sentitu besteetan izaten dudan nerbio hori. Biharko iritsiko da, ziur.

Ainhoa Casina: Ni, aldiz, oso urduri nago. Berez, Mirenen, Erikaren eta Amancayren proiektua da hau, baina Amancayk ezingo du estreinaldian parte hartu, eta niri eman zidaten bere papera antzezteko aukera. Niretzako egun berezia izango da biharkoa [gaurkoa]: horrelako lan handi bat egiten dudan lehen aldia da; eta, gainera, beraiek bezalako profesionalekin. Udan eskaini zidaten papera, eta niretzat sekulako aukera izan zen.

Miren Gaztañaga: Ni Erikarekin bat nator, hau ez da ohiko estreinaldia. Oraindik ez dut sentitu bezperako zirrara hori. Nire ustez, gure prozesua berezia izan delako da bestelakoa estreinaldia ere. Urtebete pasatu dugu lanean, eta bizipena desberdina da, lana oso gurea delako. Hau bizitzea plazerra da, gure haurra aurkeztera goaz.

Amancay Gaztañaga: Ni negarrez joango naiz etxera. Bihar kontzertua dut, eta bi lekutan ezin dut egon. Estreinaldian magia berezia sortzen da aurrera egiteko, eta pena handia sentitzen dut.

Antzezlanari buruz aurrera dezakezue zerbait? Zergatik joan behar dute azpeitiarrek bihar [gaur], Soreasura?

M.G.: Apustu handia da, ez da ohiko lana. Horrelako obra baten arriskuak eta aukerak ikusten ditugu guk. Antzerkia beste modu batera ikusi nahi dutenek horretarako aukera izango dute. Hala ere, baliteke, bi jarrera desberdin sortzea ikusleen artean. Guk oso argi dugu, Uxue Alberdiren Euli Giro liburutik abiatzen gara; eta, liburuari tiraka, ulertu genuen emakumeen euliak zirela ipuinetan agertzen ziren horiek. Hori dela eta, lana egiteko, gure euliak ateratzen hasi ginen.

A.G.: Obra hau ikustera datozenak burua irekita etorri behar dute. Izan ere, errealismo magikoaren bitartez, emakume batzuen istorioa kontatu nahi dugu. Ez da murtxikatuta emango dizugun lana; ikusleak emozio batzuk jasoko ditu, eta etxean landu beharko ditu sentsazio horiek. Istorioaren alde berezia hori da, norberak bere interpretazioa egin dezakeela.

A.C.: Ni orain dela gutxi sartu naiz, eta beste ikuspegi batetik ikusten dut guztia. Hala ere, proiektuaren berri eman zidatenean, asko interesatu zitzaidan. Oso identifikatuta sentitu nintzen proposamenarekin. Aktore batentzat oso esperientzia interesgarria da: obra prozesu bat da, garatzen jarraituko du, lana ez da amaitu hemen.

Nola bildu zineten hirurok lan hau egiteko?

E.O.: Hori oso bitxia da. Nik, adibidez, ez nuen ezagutzen Amancay; Miren, ordea, ezaguna nuen. Miren eta biok zerbait berria egiteko gogoa partekatzen genuen. Eta, hain justu, lanean ari ginela, Amancay jarri zen gurekin harremanetan. Paraleloki, baina antzeko lanak egiten ari ginen, eta horrela bildu ginen. Guztiok ados geunden.

A.G.: Bai, beraiek beraien aldetik lanean ari ziren, eta ni eta Uxue Alberdi, liburuaren egilea, ere hala genbiltzan. Lan bat irudikatu genuen, emakume basatia eta librea islatzeko.

Zuen azalpenak entzunda, zera galde dezakegu, bihar [gaur] ikusiko ditugun pertsonaiak, nolabait, Amancay, Erika eta Miren izango dira?

A.G.: Zati handi batean, bai.

E.O.: Bai, norberak bere beharrak, kezkak eta arazoak ditu, eta antzezlana osatzerakoan horiek mahai gainean jartzeko aukera izan dugu. Guk sortutakoak izan dira gauza asko, beraz, gure zati bat dute pertsonaiek. Lan hau guk sortu dugu, guk landu dugu eta guk antzeztuko dugu.

Erika, zuretzat ez da lehen aldia Azpeitiko Antzerki Topaketetan parte hartzen duzuna. Hala ere, aurtengoa berezia da?

E.O.: Jakina, baina oro har da berezia. Azpeitiko Antzerki Topaketak alde batera uzten baditugu ere, oso berezia izan da esperientzia. Hutsetik hasi gara lan onekin, guk erabaki dugu guztia: zer nahi dugun eta nola nahi dugun.

Azpeitian urtero antolatzen dira antzerki topaketak, zer ekarpen egiten dio horrek antzerkigintzari?

A.G.: Gu kritiko samarrak gara horrekin. Adibidez, gaur hona etorri, Soreasura, eta erabat harrituta gelditu gara. Benetan horrenbeste diru gastatu behar da eraikin bat egiteko? Ez da hobe etxea eraiki ahal izateko oinarri sendo bat egitea? Etxe oso polita izan dezakezu, baina barrutik hutsa. Egitura ederra egin dute, baina zer dago barruan? Agian, arriskatu egin beharko lirateke, eta indarra eman topaketa hauei, edukiz bete. Zer antzerki mota erakusten dugu? Zer erakutsi nahi dugu? Urtean behin egiten da topaketa, baina gero ez du aztarna uzten horrek.

E.O.: Nire ustez, horrenbeste urtean topaketak egin ostean, ekitaldiak eskatzen du nolabaiteko berrikuntzaren bat. Garatu egin behar da ideia, ezin da, urteak joan eta urteak etorri, egitaraua bere horretan mantendu. Aurten, adibidez, Gaztetxera eraman dugu antzerkia, eta han, hiru egunez, protagonismoa izango du. Topaketak ez lukete izan behar Soreasun soilik; nahi nuke antzerkiak kalea hartzea, herrira gerturatzea.

M.G.: Kritikak kritika, gauza onak ere baditu. Azpeitiarrek, behintzat, urtean behin eta Soreasun bada ere, badute aukera antzerkia ikusteko. Antzerki desberdinak daude, genero desberdinak.

Beraz, zuen ustez, kaletik urrun gelditzen da antzerkia?

A.G.: Bai, hala uste dut. Eta horrek esan nahi du zerbait gaizki egiten ari garela.

E.O.: Hala ere, nik uste dut antzerki batzuek arrakasta izaten dutela. Kartelean jende ezagunak agertzen badira, herritarrek antzerkia ikusi nahi izaten dute. Jendeak ondo pasatu nahi du, barre egitea gustatzen zaio.

A.G.: Apurka-apurka alda daitezke herritarren ohiturak. Begira, adibidez, zinemarekin zer gertatzen den. Azpeitiko Kultur Mahaiak film komertzialak eta alternatiboak tartekatzen ditu, hori oso ideia ona da jendea hezteko. Ikusle perfil asko daudela jakin behar dugu. Antzerki Topaketak antolatu dituztenek, adibidez, aurten gurekin apustu sendoa egin dutela uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide