Goreti eta Leire Iriarte Nazabalek diseinatuko dute 2015eko San Sebastian egunean haurren danborradan aterako den karroza. Udalak antolatutako lehiaketara sei proiektu aurkeztu dira aurten, eta ahizpa azpeitiarren egitasmoak jasoko du 1.500 euroko saria.
Udaleko Festa batzordeak joan den abenduaren 4an hartu zuen erabakia eta gaur, osteguna, jakinarazi dute "aho batez" emandako epaia. Udalak lehiaketaren oinarrietan eskatutako betebeharrak jasotzeaz gain, Iriarte Nazabaldarrek karrozan aipatu beharreko gaia "modu egokian, profesionalean eta eguneratuan aurkeztu" dutela nabarmendu du Festa batzordeak.
Udal Liburutegiaren 50. urteurrena izango da datozen sansebastianetako karrozaren gaia.
2012ko haurren danborradako karroza ere Goreti eta Leire Iriarte Nazabal ahizpek egin zuten, Joan Antxieta irudigilearen heriotzaren 425. urteurrena gai hartuta.