Futbolak hartuko du ekainean Azpeitia

Uztarria.eus 2015ko mai. 4a, 14:48

Aurkezpen ekitaldia.

Ekainaren 12tik 14ra jokatuko da Azpeitia Cup alebin mutilen futbol txapelketa. Horrez gain, II. Infatil Nesken Txapelketa ere hilabete horretan jokatuko da.

Joan den ostegunean egin zuten Sanagustin kulturgunean Azpeitia Cup 2015 futbol txapelketaren aurkezpen ofiziala. Bertan izan ziren Mikel Rodriguez (IRGCUP-eko presidentea), Javier Azpiazu (Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkaria), Ager Lasurtegi (Diario Vasco-ko kidea), Leire Etxaniz (Udal zinegotzia), Manuel Unanue (Udal zinegotzia), Maje Agirre (Iraurgi Ikastetxeko zuzendaria) eta Maite Lazkano (Azpeitiko Halcon Bidaiakeko ordezkaria). Moderatzaile lanak, berriz, Txetxu Urbieta kirol kazetariak egin zituen.

Ekainaren 12tik 14ra bitartean jokatuko da Azpeitia Cup alebin mutilen futbol txapelketa. Txapelketaren harira, guztira, 3.000 pertsona baino gehiago etorriko direla Azpeitira jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, Real Madrid, Malaga, Eibar, Anaitasuna, Athletico de Madrid, Valencia, Deportivo, Alaves, Lagun Onak, Bartzelona... bezalako taldeak izango dira nor baino nor Garmendipeko futbol zelaietan. Bestalde, iazko arrakastari jarraituz, II. Infantil Nesken Txapelketa ere ekainean izango da. Azken horretan inguruko zein Espainiako 30 futbol taldek hartuko dute parte. Hala nola, Reala, Athletic, Pauldarrak, Lagun Onak, Rayo Vallecano, Reocin...

Mikel Rodriguezek esker hitzak izan zituen txapelketak antolatzen lagundu duten enpresa, saltoki, instituzio eta borondatezko laguntzaile guztientzat. Rodriguezek txapelketarekin "pozik eta harro" dagoela jakinarazi zuen: "Estatu mailako futbol txapelketarik handiena da Azpeitia Cup, kalitatez zein antolakuntzari eta tratu pertsonalari dagokionez. IRGCUP elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea dela, eta mailari eustea "zaila" egin zaiela esan zuen: "Gastu handiak dira txapelketarenak, taldeen garraioak, ostatuak... guztia kontuan izanik aurten, adibidez, Andaluziatik talde bat gutxiago etorriko da eta Madrildik bi gutxiago. Aldiz, Gipuzkoako bi talde berri izango txapelketan: Real Sociedad eta Eibar".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide