Orkatz Kultur Elkartearen atzean taberna bat baino gehiago dago. Honela definitzen du elkarteak bere burua: "Herriko taldeei beren ekitaldi kulturalak egiteko leku bat eskaintzeko helburua du; izan kontzertu, bertso saio, hitzaldi, argazki erakusketa, poesia... Baldintza duinak eskaintzen saiatzen da, horretarako oholtza, ahots ekipoa, afaria, kartelak, dirua eta edariak baliatuz. Beharra egonez gero, giza baliabideak ere eskaintzen zaizkie. Talde euskaldun edo euskal herritarrek lehentasuna dute".
Halaxe ari da lanean urteetan, herriko eta inguruetako talde zein sortzaileei beren lana erakusteko tokia eskainiz. Adibide argia da, datorren asterako prestatuta daukaten egitaraua. Kultur Elkartearen 22. urteurrena ospatuko dute, eta poesia musikatua, bertso saioak, kontzertuak eta erromeria egitekoak dira ostegunetik igandera bitartean. Eta ez hori bakarrik, tabernatik kanpoko kultur ekitaldietan ere laguntzen du Orkatzek. Esate baterako, iaz eta aurten hileroko bigarren igandeetan egin ditugun Mutxikoak dantza jauzi saioetan Orkatzeko musika ekipoa erabili dugu.
Horregatik guztiagatik, egindako lana aitortzeaz gain, babesa ere azaldu nahi dio Azpeitiko Kultur Mahaiko Talde Eragileak Orkatz Kultur Elkarteari, eta bihar, Konponbideari erasorik ez! Aski da, Orkatz Libre! lelopean, 19:00etarako deitu den manifestaziora batzen da.