Urola Kostako LAB eta ELA sindikatuek Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren edo Herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren aurkako epaia berretsi izana salatu dute. LAB sindikatuak azaldu duenez, "estatu espainiarrak ez du etenik Euskal Herriaren aurkako gudan eta Azpeitiko Orkatz tabernaren aurkako itxiera aginduak egoera hori agerian uzten du". ELAk "astakeriatzat" jo du epaia: "'Dena ETA da' argudio errepikakorra baliatuz, gure gizarteko sektore bat zigortzen jarraitu nahi dute, euren ondasunen zati bat kenduz eta militanteei espetxe zigorrak ezarriz".
Bi sindikatuek "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkiete Orkatzeko kideei, eta LABek "langabezian edo auskalo zer egoeratan gera daitezkeen langileak" izan ditu gogoan. Horrez gain, Azpeitian egunotan egingo diren egitasmoetan parte hartzeko deia egin diete LABek eta ELAk herritarrei.