Txillarramendira bertso ibilaldia egin dute dozenaka lagunek

Uztarria.eus 2015ko eka. 25a, 12:59

Joan den zapatuan, ekainak 20, Txillarramendira irteera egin zuten dozenaka lagunek, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. XX. mendeko "bertsolaritzaren kabia" ezagutaraztea helburu hartuta, eta kirola eta euskal kultura uztartuz, egin zuten ibilaldia ia 50 lagunek. Inguruko parajeak ezagutzeaz gain, ibilbidean zehar bertsolari izan zirenen baserri ezberdinetan geldialdiak egin zituzten eta hainbat bertsolari kantuan aritu zen.

Parte hartzaileak 09:00etan abiatu ziren anbulatorio aurretik, Kostite baserri aldera. Behin hara iritsitakoan, Jose Mari Agirreren eta Frantzisko Mari Iturzaetaren bertsoak abestu zituzten Kostiten baserrietan. Ondorengo geldialdia Saraberrin egin zuten eta Joxe Lizasoren bertsoak abestu zituzten bertan, hamaiketakoaz lagunduta. Handik Txapel-en baserrira joan ziren eta segidan Zepaira. Bazkaltzera joan aurretik, Etumetan egin zuten geldialdia, XX. mendeko bertsolariek igande arratsaldero bertsotan egiteko elkargunea bisitatzeko. Granada-Errekan bukatu zuten ibilbidea eta ondoren bazkaria egin zuten. Bazkalostean ere ez zen bertsorik falta izan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide