Soreasuko eraikina izan da 2015eko Azoka Herritik egitasmoaren topaleku ostiral arratsean. Zazpietatik aurrera, herritar asko elkartu dira bertan, bi zitaren bueltan. Batetik, antzokiaren beheko solairuko korridorean zinemari eta, bereziki, Soreasu zinema-areto zaharrari eskainitako erakusketa estreinatu dute. XX. mende erdialdera Soreasun erabiltzen zuten proiektore zaharra, garai bateko filmen kartelak, Soreasu zaharrean erabilitako hainbat material... bitxi eta bitxikeria ugari bildu dituzte Sanagustin kulturguneko lagunek Soreasu berrira zaharraren oihartzuna gerturatzeko balio duen erakusketa iraunkorra osatzeko.
Eta antzokitik oso gertu, Soreasuko eraikinaren beste zati batean, inauguratu du Elkar-ekinek bere Elkargunea. Tokiko ekonomia, elkartasuna eta ekintzailetasuna sustatzeko tresna eta gune izateko helburuarekin jaio den Elkarguneak bigarren eskuko produktuak eta herriko artisauenak biltzen dituen denda hartzen du bere baitan. Astero, ostiral arratsaldez eta zapatu goizez irekiko ditu ateak denda horrek, bihartik hasita.