Arropa Bankuko kideek eta Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Uztarria.eus 2015eko urriaren 19a

Udal ordezkariak, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Elkar-ekineko kidea, Arropa Bankuan.

Behar larrian dauden herritarrei zuzenduta zabaldu dute Arropa Bankua, eta herriko 170 herritar eta familiari banatuko dizkiete arropak dohain. Elkar-ekineko eta Arropa Bankuko lan-taldeko kide Maria Luisa Irulegik herritarrei "arropak ekartzen jarraitzeko" eskatu die. Ainhoa Beristain zinegotziak azaldu duenez, "azpeitiarrek, beste behin, erakutsi dute elkartasunaren eta justizia sozialaren defentsan lana egiteko prestutasuna dutela".

Joan den astetik martxan da Soreasuko Elkargunean jarri duten Arropa Bankua, eta gaur, astelehena, sinatu dute haren funtzionamendurako elkarlan akordioa Elkar-ekin taldeko kideek eta Azpeitiko Udalak. 

Behar larrian dauden herritarrei zuzenduta zabaldu dute Arropa Bankua, eta herriko 170 herritar eta familiari banatuko dizkiete arropak dohain, aurrerantzean. Arropa beharrean direnek Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin jarri beharko dute lehenik harremanetan, eta gero Elkar-ekineko Arropa Bankuko lan-taldea arduratuko da familia eta pertsona horiei arropa banatzeaz.

Arropak utzi nahi dituzten herritarrek, berriz, ostiral arratsaldeetan eta zapatu goizetan izango dute horretarako aukera, Elkargunean bertan. Gainerako egunetan, berriz, Plaza Txikian dagoen Gazte Informazio Bulegoan (GIB) utzi ahal izango dira ondoren Bankuan banatuko dituzten arropak.

Elkar-ekineko eta Arropa Bankuko lan-taldeko kide Maria Luisa Irulegik azaldu duenez, "herritarrei arropak ekartzen jarraitzeko eskatu nahi diegu": "Jendea ondo portatzen ari da, baina arropa behar dugu. Gu lanerako prest gaude, gustura ari gara lanean, baina jendeak arropak ekartzea behar dugu. Caritas eta Udalarekin hartu-emana daukagu eta lanean segituko dugu". Irulegik esan du, batez ere, 8 eta 14 urte bitarteko pertsonentzako arropen gabezia dutela, eta oinetakoak ere behar dituztela gogorarazi du. Horrez gain, etxerako manta, izara eta gainerakoak ere jasotzen dituztela jakinarazi dute, eta umeentzako kotxeak zein seaskak ere behar dituztela adierazi dute.

Ainhoa Beristain zinegotziak ere hartu du hitza, eta Arropa Bankuaren proiektua "interesgarria" dela esan du: "Udalaren helburua herritar guztiek gutxieneko baliabide eta eskubideak bermatuta izatea da. Herritarren ekimenez sortutako proiektua da hau, eta azpeitiarrek, beste behin, erakutsi dute elkartasunaren eta justizia sozialaren defentsan lana egiteko prestutasuna dutela. Hori balio garrantzitsua da guretzat, eta halako pertsonekin lan egitea plazerra da guretzat".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide