Noiz eta nola sortu zen Trini Fox taldea?
Lehen Lockheed ginen. Gure taldeko gitarrista 2015-2016 ikasturtean Irlandara zihoala eta, aurtengo saninazioetan egin genuen gure azken emanaldia. Taldea bera gabe berdina ez zen arren, baina afizio honekin jarraitu nahi genuenez, Trini Fox taldea sortu genuen. Duela bi hilabete sortu genuen talde berria eta ordutik emanaldi bat egin dugu; Azkoitian. Oraingoa, Sanagustinen egingo duguna, bigarrengoa izango da.
Nondik dator Trini Fox izena?
Lockheed esateko zaila zen eta talde berri honi izen errazagoa jarri nahi genion. Animaliekin zerikusia zuen zerbait nahi genuen, zerbait agresiboa. Ingelesez ondo moldatzen den lagun batekin hitz egin genuen eta animaliekin zerikusia zuen izenen zerrenda bat egin zigun. Zerrenda hartatik gehiena Trini Fox gustatu zitzaigun eta bi aldiz pentsatu gabe, aurrera jarraitzea erabaki genuen.
Nola moldatzen zarete entseatzeko?
Iñaki bateria joleak eta nik Donostian ikasten dugu eta astean zehar hemen bizi gara. Hirugarren taldekidea, Suharri, astean zehar Azkoitian egoten da. Beraz, entseatzeko ez dugu erraza edukitzen. Ostiraletan entsegu 'sakratu' bat egiten dugu eta hori azterketetan egonez gero ere, beti mantentzen dugu. Astean zehar, ahal izanez gero, beste bat egiten ere ahalegintzen gara. Entseguak, duela hiru urtetik, Urrestilako lokal batean egiten ditugu.
Ze musika mota egiten duzue?
Lockheeden haritik doa Trini Foxen musika. Zerbait gogorragoa egiten ahalegindu gara, ahots gutxiago eta zati musikal gehiago sartuz.
Zer esaten duzue letretan?
Letrak, normalean, abeslariak egiten ditu eta esperientzi pertsonalen inguruko gauzak kontatzen ditugu; gustatzen ez zaizkigun jendearen jokabideak edo gustatzen ez zaigun zerbait kritikatu nahi izaten dugu, beti ere, zuzenak izan gabe.
Zer da zuretzat ikastolak antolatutako horrelako ekitaldi batean parte hartzea?
Hirutik bik ikasi dugu Karmelo Etxegarai Ikastolan eta guretzat ederra da gero! Eskertzen dugu gurekin kontatzea, nahiz eta bertako ikasleak ez garen jada. Horrelakoak gehiagotan antolatu beharko lirateke, geroz eta ikasle musikari gutxiago baitaude.
Lockheed taldearekin jotakoak zarete Sanagustinen.
Lockheeden kontzerturik onena Sanagustinekoa izan zela ia seguru nago. Jende asko etorri zen eta uste genuena baino gehiago bete zen kulturgunea. Oso gustura jo genuen eta kritika oso onak jaso genituen.
Diskorik grabatzeko asmorik ba al duzue?
Lockheed taldearekin maketa bat kaleratu genuen. Oraindik bi hilabete bakarrik pasatu dira Trini Fox sortu zenetik, eta gauza askorik ez dugu planeatu. Trini Fox taldea Lockheedekin alderatuta, oso abiadura bizian doa aurrera. Lockheedekin hasieran bertsioak jo genituen eta Trini Fox sortu zenetik, berriz, gure kantuak egiten ari gara. Hori bai, kontzertuetan bertsioak jotzeko asmoa ere badugu.
Zer espero duzue jasotzea bihar publikoarengandik?
Oso zaila da eskaintzen duzuna adina emateko eskatzea. Asko eskertuko genuke jendea oholtzara gerturatu eta ondo pasatzen ari dela ikustea.