Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentziakek Urola Erdian berrikuntza soziala lantzeko proiektua jarri du martxan, Donostia-Beterri eskualdeko udalekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean. Urberritzen izena jarri diote prozesuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduko du ekonomikoki.
Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, Urberritzen egitasmoaren helburu nagusia da "Urola Erdia eta Beterri eskualdeetako eragileen berrikuntza sozialerako gaitasuna handitzea eta eragileen arteko artikulazioa hobetzea, etorkizunean eskualdeko erronka sozialei erantzun propioagoak eta egokiagoak eman ahal izateko eta lankidetza-proiektu berriak sortzeko".
Proiektua otsailetik ekainera bitartean garatuko dutela azaldu dute proiektuaren sustatzaileek. "Otsailetik maiatzera, eskualde bakoitzak bere prozesua izango du, eta maiatzetik aurrera, bi eskualdeek bat egitea da asmoa, eskualdeen arteko harremanak eta esperientziak landu nahiz partekatzeko", azaldu dute.
Urberritzen proiektuak bi lan-eremu izango ditu Urola Erdian. Alde batetik, eskualdean garatzen ari diren sei proiektu berritzaile ebaluatuko dituzte. Horretarako, Elhuyar Aholkularitzaren metodologia eta horrek landu berri duen "tresna digital bat" erabiliko dutela azaldu dute proiektuko kideek. Bestetik, azaldu dute, apirilean eta maiatzean bi lan-saio edo topagune antolatuko dituztela "ebaluazio horien emaitzen berri eman, eskualdeko berrikuntza sozialaren gaitasunaz jabetu eta abiatzen ditugun proiektuen bidez sortzen dugun gizarte, ekonomia eta ingurumen inpaktua hobetzeko helburuarekin".
Aurkezpena, bihar
Bihar, osteguna, aurkeztuko dute egitasmoa Sindikatu Zaharreko lehen solairuan, 18:00etan hasita. Bertan prozesuaren nundik norakoak azalduko dituzte eta berrikuntza "sozialaren markoa eta ezaugarriak" azalduko dituzte Urberritzen proiektuko kideek. Horrez gain, "hiru kasu praktiko" ezagutzera emango dituztela jakinarazi dute: Karabeleko eta Orona, Azpeitiko Kultur Mahaia, eta Eroski eta Gureak eragileen kasuak, hain zuzen.
Prozesua "askotariko eragileekin osatu nahi" dutela adierazi dute Urberritzeneko kideek, horien hitzetan "aberasgarria izango baita arlo batekoeta besteko erakundeen ekarpenak jasotzea eta ikuspegiak eta esperientziak partekatzea". Horregatik, eskualdeko "eragile guztiak" animatu nahi dituzte prozesuan parte hartzera eta, oro har, "gaian interesa duen edonor".