Nicolas Oteiza 'Kaito' hil da

Uztarria.eus 2016ko ots. 22a, 14:27

72 urte zituela hil da, osasun arazoak tarteko. Iaz izendatu zuen Kaito Ohorezko Bazkide Azpeitiko Kultur Mahaiak, herrian kulturaren alde, bereziki kulturaren trasmisioan, egindako lana aitortuz. 

Nicolas Oteiza Kaito (Azpeitia, 1943), atzo, igandea, hil zen 72 urte zituela. Urteetan zehar, kamera eskutan, kulturaren eta transmisioan alde lanean ibili zen Kaito, herrian gertatzen zirenak biltzen. 

1977ko martxoan argazkilari bezala hasi zen lanean Azpeitian, aitaren dendan. Egun udaltzaingoa dagoen tokian zegoen orduko denda. 1980ko abenduan Frontoi Txiki aurrean denda zabaldu eta 1996ko martxora arte aritu zen bertan lanean. 1985eko abenduan hasi zen lehenengo bideo grabaketak egiten eta urtebeteren bueltan, 1986an, Kaito telebista jarri zuen martxan, bere etxe inguruko etxeetara iristen zena. 1990ean, pauso bat aurrera eman eta Ezkerretegitik hasi zen telebista hura emititzen, herritar gehiagok ikus zezaten. 1992an, emisio gunea aldatu eta Azkoitiko Itxosta baserrira mugitu zen Kaito. Horrela, Azpeitian nahiz Azkoitian emititu ahal izan zituen grabatutako irudiak. 1996tik 2000. urtera bitartean, aldiz, bere etxea izan zen transmisio gune.

2000. urtean, bihotzeko ebakuntza tarteko, bere seme Urtzik hartu zion erreleboa Nicolasi. Baina hurrengo zazpi urteetan, semearen ibilbidean lagun izan zen, harik eta 2007an erretiroa hartu zuen arte. Urte hartan sartu zen indarrean lurreko telebista digitala eta Kaito Telebista emisorea betiko itzali eta Erlo Telebista jaio zen. 

Artxiboa herriarentzat

Objektiboaren atzean igarotako urte guzti horietan, milaka ordu biltzen dituen artxibo izugarria zuen gordeta Nicolas Oteizak. Guztira, 2.620 bideo zinta eta 6.000 ordutik gora grabazio, hain zuzen. Artxibo hori guztia digitalizatu eta herriaren esku uztea zen Kaitoren nahia.

Azpeitian kulturaren alde, bereziki kulturaren trasmisioan, egindako lana aitortzea helburu, aurreko urteko uztailean izendatu zuen Kaito ohorezko bazkide Azpeitiko Kultur Mahaiak. Horren harira, bere bizitzan zehar errepasoa egin eta bideoa osatu zuten. Uztarriak ere elkarrizketa egin zion Kaitori, bere bizitzako zertzeladak hizpide. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide