Azpeitiko ahari jokoen kontrako salaketak jarri ditu Equo alderdiak

Uztarria.eus 2016ko ots. 22a, 18:56

Equo alderdiak hiru salaketa jarri ditu, bi bide administratibotik eta hirugarrena bide penaletik, Azpeitiko zezen-plazan egiten diren ahari jokoen kontra eta ikuskizun horiek eteteko eskatuz. "Itxura denez, kazetari frantziar batek grabatu zuen" bideo hau jaso ondoren jarri ditu hiru salaketak Equok: Animalien Babeserako Legea urratzeagatik bat, Gipuzkoako Foru Aldundian; Ikuskizun Publikoen eta Aisialdi Ekintzen Legea urratzeagatik beste bat, Eusko Jaurlaritzan; eta hirugarrena, bide penaletik, Fiskaltzan aurkeztu duena, animalien kontrako tratu txarrak salatuz.

Udala, "gaia eta gertaerak aztertzen"

Ahari jokoen kontrako salaketa dela eta, Udalak oharra plazaratu du gaur, astelehena. Zezen-plaza udal egoitza da, izan ere, baina "Udalak ez du inongo ikuskizunik antolatzen azpiegitura horretan", zehaztu dute udal arduradunek. Oharrean azaldu dutenez, "Azpeitiko Udalak 1941. urtetik, gutxienez, zezen plazaren herri kiroletarako kudeaketa utzia du herritar batzuen esku. Pertsona horiek, besteak beste, herri kirolen inguruko ikuskizunak antolatu ohi dituzte bertan".

Ahari jokoei dagokienez, Udalak dio Oinatz Talde Animalistak "duela gutxi jakinarazi" ziola "ahari jokoak antolatu izan direla" zezen-plazan: "Ordutik, gaia eta gertaerak aztertzen ari da Udala. Pasa den ostiralean, juxtu, beste pertsona batek deitu zuen Udalera gauza beraren berri emateko, eta dirudienez salaketa ere jarri du".

Kontu honetan "legea zorrotz betearazteko erabakiak hartuko" dituela eta plazaren kudeaketaz arduratzen direnei "legearen araberako azpiegituraren erabilera egokia exijituko" zaiela gaineratu du Udalak. "Zezen-plazaren kudeaketaz arduratzen diren herritarrei jakinarazpen idatzi bat bidali zaie, horrelako ikuskizunen bat antolatzekoak baziren, bertan behera uzteko eskatuz. Azpeitiko Udalak, eta zehazki Udal Gobernu honek, ez du inondik inora ere animalien gaineko txatu txarrik onartzen", dio oharrean.

Udalak "ziurtatu dezake, 2016a hasi denetik, ez dela ahari jokorik egiten Azpeitian", dio oharrak. Oraintsu arte, behinik behin, gutxi gorabehera urritik abendura eta apiriletik ekainera igande arratsaldero egin izan dira ahari jokoak eta apustuak Azpeitiko zezen-plazan. Hala, 2015eko udazkenean ere egin ziren ahari jokoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide