Badator aurtengo Txiki Biran

Uztarria.eus 2016ko ots. 26a, 13:01

Guztira hamar ekitaldi antolatu dituzte Txiki Biran egitasmoaren baitan. Bihar, zapatua, emango diote hasiera prestatu duten egitarauari, Xalto pailazoaren emanaldiarekin.

Gaur, ostirala, aurkeztu dute aurtengo Txiki Biran egitasmoaren egitaraua, Udaleko Gazteria Saileko, Azpeitiko Kultur Mahaiko eta Sanagustin Kooperatibako ordezkariek. 

Duela urte batzuk jarri zuen martxan Txiki Biran egitasmoa Gazteria Sailak, herriko haur eta gaztetxoei hilabetero ikuskizun bat eskaintzea helburu. Kultur Mahaiak duela bizpahiru urte, "herriko haurrak eta kultur taldeak gerturatzeko beharra" agertu zuen eta hori horrela, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri zen Txiki Biran egitasmoa berreskuratzeko.

Iaz, egitasmoa eraberritu eta berriro ekin zioten Txiki Birani, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin Kooperatibak eta Udaleko Gazteria Sailak elkarlanean. Joan den urteko "arrakasta" ikusita, aurten ere ibilbidearekin jarraitzeko apustua egin dutela adierazi dute gaurko agerraldian. 

Aurten hamar ekitaldi antolatu dituzte, abuztuan izan ezik, gainerako hilabeteetan egingo dituztenak. Bihar, zapatua, emango diote hasiera prestatu duten egitarauari, Xalto pailazoaren emanaldiarekin. Sanagustin kulturgunean izango da ikuskizuna, 16:30ean hasita.

 Honakoa da hurrengo hilabeteetarako prestatu duten egitaraua: 

  • Martxoa: Hezurrekin jolasean
  • Apirila: Futbolariak eta printzesak
  • Maiatza: Merkatu pertsiarra
  • Ekaina: Urrestillan jai!
  • Uztaila: Baltsak eraikitzen
  • Iraila: Metalari putz!
  • Urria: Mural tailerra
  • Azaroa: Goazen antzokira!
  • Abendua: Txikizinema

Ekimenen egun eta ordu zehatzak data gerturatzen ari den heinean jakinaraziko dituzte. 

Helburu zehatzak

Txiki Biran egitasmoak helburu zehatzak dituela azaldu dute Udaleko Gazteria Saileko, Azpeitiko Kultur Mahaiko eta Sanagustin Kooperatibako odezkariek: "Antolatzaileok elkarlanean aritzea eta agenda bateratzea, herritarrak protagonista izatea, sormena eta transmisioa lantzea, gaztetxoak eta kultur taldeak harremanetan jarriz, herriko gune ezberdinetan ekitaldiak egitea eta ekitaldi horiek kalitatezkoak, parte-hartzaileak, bertakoak eta ondo pasatzeko helburua dutenak izatea", hain zuzen. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide