Igerilekuko erabiltzaileen iritziak eta ekarpenak jasoko ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko apirilaren 8a

Mikel Ibarzabal eta Estitxu Elduaien zinegotziak.

Asteazkenean, hilak 13, egingo dituzte bilerak erabiltzaileekin, 11:30ean eta 18:30ean Sanjuandegiko auzo lokalean. Bilerara joan ezin dutenek ere iritzia emateko aukera izango dute. Horretarako, galdetegi bat prestatu du Udalak. 

Urtebete da igerilekuko berrikuntza lanak amaitu zituztenetik. Orain, kirolguneko erabiltzaileekin bildu eta horien iritziak nahiz ekarpenak jaso nahi ditu Udalak. Egindako aldaketak baloratu eta zertan hobetu daitekeen aztertu nahi dute, "zertan asmatu den eta zerren beharra dagoen ikusi, ahal den neurrian hobetzeko", azaldu dute. 

Kirol taldeez gain, kirola eta ariketa fisikoa egiten duten ehunka herritar daudela azaldu dute Udaleko ordezkariek, eta "oraingo erronka" horiengana iristea dela. Horretarako, asteazkenean, apirilak 13, igerilekuko erabiltzaileekin bilerak egingo dituzte, 11:30ean eta 18:30ean. Sanjuandegiko auzolokalean izango dira bilerak. Bertan, erabiltzaileek igerilekuko eskaintzaren eta azpiegituraren inguruan dituzten iritzi eta ekarpenak jasoko dituzte. 

Ekarpenak egiteko galdetegia

Bileretara azaldu ezin duten herritarrek ere iritzia eta ekarpenak emateko aukera izango dute, Udalak jarriko dituen buzoietan edo Udalaren webgunean. Horretarako, ekarpenak jasotzeko galdetegia prestatu dute eta bertan kirol eskaintzaz eta azpiegituraz duten iritzia eman dezakete erabiltzaileek. Horiek jasotzeko buzoi bat jarriko dute igerilekuan, astelehenetik ostiralera, apirilaren 11tik 15era, bitartean. 

Bestalde, datozen hilabeteetan "kirolaren eremuko elkarnala zabaldu eta lantzeko bide horretan beste pauso bat" emango dutela azaldu dute. Adineko herritarrekin kirola, ariketa fisikoa eta osasuna lantzeko asmoa dutela jakinarazi dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide