Apirilaren 18an bukatu zen Sorkuntza Beka jasotzeko proiektuak aurkezteko epea, eta guztira hamar proiektu aurkeztu dituzte. Ainara Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, Udala nahiz Kultur Mahaia "gustura" daude aurkeztutako proiektu kopuruarekin, baita bekak izan duen harrerarekin ere. "Bekak izan duen erantzunak erakutsi digu jendea kultur sorkuntzarako gogoz dagoela”, esan du Larrañagak.
Udaleko Kultura Batzordeko hiru kide eta Kultur Mahaiko beste hiru kidek osatu dute epaimahaia, eta horiek erabakiko dute bekaren banaketa nola egin. Hasiak dira proiektuak aztertzen, eta maiatzeko bigarren hamabostaldian jakinaraziko dute epaia.
Aurten jarri dute martxan Sorkuntza Beka Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean. Bekaren helburua da herriko kultur dinamika indartzen laguntzea, norbanakoei beren proiektuak aurrera eramateko diru-laguntza eskainita.