Ekainaren 5eko herri galdeketa

Vicent Partal: "Galdeketak hastean, herriak markatu zien erritmoa politikariei"

Urola Kostako Hitza 2016ko mai. 18a, 16:53

Vicent Partal. (QUIM PUIG)

Ekainaren 5ari begira, herri galdeketek Katalunian izan zuten pisuaz hitz egingo du gaur Sanagustinen VilaWeb katalanezko webguneko zuzendariak, "herritarrek ikus dezaten zer eragin izan duten gaur egungo egoera politikoan".

Martxelo Otamendirekin batera arituko da gaur Vicent Partal (Betera, Herrialde Katalanak, 1960) hizketan. Berria-ko Enbaxada bila iritzi-sailean idazten dute Berria-ko zuzendariak eta VilaWeb katalanezko atari digitaleko zuzendariak igandero. Partalen arabera, gaur "zutabe bizidunak" trukatuko dituzte. Gure Esku Dagok eta Uztarria Komunikazio Taldeak antolatu dute hitzaldia, eta 19:00etatik aurrera izango da, Sanagustin kulturgunean.

Ekainaren 5ean herri galdeketak egingo dituzte Euskal Herriko 34 udalerritan. Horrela hasi ziren Katalunian ere. Zer berdintasun ikusten dira han eta hemengo hastapenetan?

Katalunian, elementu garrantzitsua izan zen herri mugimendua izan zela galdeketen oinarria, ez zuten atzetik talde politikorik bultzaka. Horrek egoera interesgarria sortu zuen, ea hemen zer gertatzen den.

Zer ikas dezakete euskal herritarrek zuen prozesutik?

Hiru gauza ikasi ditugu Kataluniako galdeketetatik: lehena, independentzia ez dela amets bat, egin daitekeen zerbait dela. Pertsona batek boto papera hartu, eta botoa ematen duenean, mitoa izateari uzten dio independentziak. Bigarrena, independentzia lortzeko bildu egin behar garela, adostasunak lortu. Argi ikusi da gure kasuan. Hirugarrena, eta garrantzitsuena, herritarrek ikustea kaleak agintzen duela. Galdeketak hasi zirenean, herriak markatu zien erritmoa politikariei, ez alderantziz. Talde politiko bakoitzak bere bidea zuen, baina kaleko jendeak, ekitaldi eta presioekin, lortu zuen haiek mugiaraztea.

Beraz, parte-hartze prozesuek aldatu dute herritarren politika ulertzeko modua?

Bai, herritarren politizazioa iritsi da. Jendeak ulertu du independentziak zentzua duela, eta herritarren bizitza aldatzen duela.

Lortu da gai identitarioengatik abertzale sentitzen ez diren pertsonengana iristea prozesu independentistarekin?

Hori da Kataluniako prozesuaren gakoetako bat. Badira independentziaren aldeko pertsona batzuk, edozer prezio eta egoeratan independentzia nahi dutenak. Beste asko, ordea, independentistak dira ikusi dutelako aukerarik onena dela. Pertsona horietako askok ez dute abertzaletasun sentimendua bereziki, baina uste dute zentzudunagoa dela errepublika independente batean bizitzea, Espainiako autonomia erkidego bat izatea baino.

Martxelo Otamendik aipatzen zuen igandeko Berria-ko zutabean galdeketetan, itaun desberdinekin ekingo zaiola prozesu honi Euskal Herriko udalerrietan. Zer duzu esateko horren inguruan?

Katalunian, lehen galdeketaren ostean, erakunde gisako bat sortu zen, eta hark prestatu zituen galdeketen olatuak. Udalerri bat edo bestean egon ziren eztabaidak galderen inguruan. Dena den, guk ez genuen zalantzan jarri independentzia hitzak galderan joan behar ote zuen. Kataluniako udalerrietako kezka zen estatu berri horri nola deitu: Katalunia, Herrialde Katalanak...

Zer esango zenieke galdeketa sinboliko batek pisu handirik ez duela pentsatzen dutenei?

Katalunia eredu ona da ikusteko galdeketek pisu handia izan dezaketeela eguneroko politikan. Udalerri txiki batean hasi zen prozesua; eta, ondoren, azaroaren 9ko kontsulta iritsi zen. Uste dut egun horren garrantzia inork ezin duela zalantzan jarri. Horrek ekarri zituen irailaren 27ko hauteskundeak, eta Kataluniako parlamentuan independentziaren aldeko gobernu bat eratu izana. Parte hartzeko zalantzan daudenei, beraz, Kataluniari begiratzeko esango nieke.

VilaWeb atariko zuzendari bezala, zein da hedabideen papera kontu honetan?

Informazioa ematea da gure lana. Gure kasuan, gainera, paper garrantzitsua izan zuen prentsak eta bestelako komunikatzaileek. Lan handia egin dugu lortzeko jendeak informazio serioa izan dezan. Hedabideen lana ez da propaganda egitea, baina bai ahalik eta informazio zorrotzena eskaintzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide