Zinea Soreasu antzokitik atera eta San Martin egoitzara hurbilduko dute, Azpeitiko Kultur Mahaiaren Sanagustin Kooperatibak, San Martin egoitzak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean martxan jarritako egitasmoari esker. Bihar, asteazkena, izango da lehen emanaldia, eta Amama filma eskainiko dute doan, 16:30ean hasita, San Martin egoitzako kaperan. Bertan izango da Asier Altuna pelikularen zuzendaria ere.
"Sanagustin Kooperatibak Soreasu antzokiaren ardura hartu zuenean, zinea herritarrengana hurbiltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horren harira dator egitasmoa", azaldu du Kepa Urbieta Sanagustin kooperatibako dinamizatzaileak. San Martin egoitzan dauden egoiliarrek "zineaz gozatzeko zailtasunak" dituztela aipatu du Urbietak, eta horregatik "zinea beraien etxera eramatea" erabaki dutela adierazi du. Ainara Larrañaga Kultur zinegotziak, "egitasmo polita" dela esan du, eta beti ondo dagoela "kulturara hurbildu ezin dutenei kultura hurbiltzea".
Egoiliarrez gain, familiartekoak nahiz boluntarioak ere ibiltzen dira San Martin egoitzan eta horiengana ere iritsi nahi dute egitasmoarekin. "Familiarekin edo hurbileko jendearekin halako zine eskaintzaz gozatzeko aukera izatea polita izan zitekeela pentsatu genuen. Familiartekoez gain, edozein herritar ere animatzea gustatuko litzaiguke, eta agian hori da zailtasunik handiena", azaldu du Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako ordezkariak.
Entretenimendua eta hausnarketa
Eskainiko dituzten filmek, entrenetitzeaz gain, hausnarketarako eta tertuliarako bidea zabaltzea nahi dute egitasmoaren sustatzaileek. Horregatik, "tematika zehatzeko" filmak eskainiko dituzte hainbat gai mahaigaineratuz, alzheimerra kasu. "Filmak entrenetitzeko tresna izateaz aparte, esperientziak konpartitzeko eta hausnarketarako tresna ere badira, eta hori lortu nahi dugu. Behin pelikulak amaitutakoan, bertaratutako pertsonek beraien bizipenak eta hausnarketak konpartitzea gustatuko litzaiguke", adierazi du Aizbitartek.
Biharko emanaldiarekin jarriko dute martxan egitasmoa, eta uda ondoren emango diote jarraipena. Beste bi saio antolatu dituzte; bata irailean izango da eta bestea azaroan. Eskainiko dituzten filmak oraindik ez dituzte zehaztu, egoiliarren iritziak eta ekarpenak jaso nahi baitituzte.