Ate irekien jardunaldia egin dute Soreasun

Uztarria.eus 2016ko eka. 23a, 13:49

Atzo, asteazkena, egin zuten ate irekien jardunaldia Soreasu antzokian, eta hogeita hamar lagun inguru gerturatu ziren eraikina ikustera eta aurrera begira bertan egingo diren proiektuen berri izan eta beren iritzia ematera.

Orain arte, sormen gunea eraikitzeko bidean eman dituzten pausoak azaldu zituzten Azpeitiko Kultur Mahaiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek eta Soreasuko sormen proiektuaren dinamizatzaile Xabier Gantzarainek. Emandako urratsak azalduta, eraikinaren txoko guztiak ikusi zituzten, solairuz solairu, eta horietan aurrera eman daitezkeen proiektuen inguruan hausnartu zuten. Eraikina ikusi ondoren, herritarren iritziak eta proposamenak bildu zituzten sormen gunearen proiektuaren sustatzaileek. Horiek azaldu dutenez, "herritarren ekarpenak jasotzea ezinbestekoa baita, proiektuaren eraikitze prozesuan aurrera egiteko".

Azken hilabeteotan Soreasun herriko "sormena sustatu eta lantzeko" gune bat sortzeko aukerak aztertu eta lantzeko prozesua egiten ari dira Kultur Mahaia eta Udala. Orain artean kultur mugimenduko kideekin bildu eta asmoen marrazkia osatzeari ekin badiote ere, aurrerantzean ere "bide horretatik" jarraitzekoa asmoa dutela azaldu dute.

Sormen gunearen proiektuaren oinarriak uztailaren erdi aldera aurkeztuko dituzte. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide