Azpeitia baino gehiago izan da Hernani Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdietako itzulikoan, kadeteetan eta seniorretan 22-17 eta 22-14, hurrenez hurren irabazita. Jubeniletan, ordea, Ilunpek garaitu du Hernani, 14-22 irabazita. Azpeitiak lanak ondo aurreratuta utzi zituen joanekoan, Frontoi Txikian 3-0 Hernaniri irabazita eta, beraz, Ilunpek Herriarteko finala jokatzeko txartela erdietsi du, finalerdia 4-2 irabazita.
Finalean Ilunpek aurkari zein izango duen bihar erabakiko da, Azkoitiak eta Astigarragak jokatuko duten finalerdietako itzulikoan. Bihar, 17:00etan dute hitzordua, Astigarragan. Joanekoan, azkoitiarrek 1 eta 2 galdu zuten.
Herriarteko finala jokatzeko txartela lortuta, 24 ordu baino lehen itzuliko dira Ilunpekoak Hernaniko udal pilotalekura. Izan ere, bihar, igandea, kluben arteko Berria txapelketaren finala jokatuko dute, 17:00etan hasita. Norgehiagokan, Doneztebeko Erreka elkarteko pilotarien aurka neurtuko dituzte indarrak.