Gaur, zapatua, banatu dituzte 2016ko Azpeitiko Kirol Sariak. Aurten, lehen aldiz, bi sari nagusi eman dituzte, gizonezkoena eta emakumezkoena; eta gauza bera gertatu da gainerako sarietan ere, kirol jarduera edota kluben izendapenetan gizonezkoak eta emakumezkoak saritu dituzte. Aurkezle lanetan aritu den Koldo Aldalur kazetariak nabarmendu duen bezala, aurtengo sariak "demokratikoagoak" ere izan dira. Izan ere, kluben izendapenak eta Udalak izendatutako epaimahaiarenak ez ezik, herritarrek boto bidez emandako iritziak ere kontuan hartu dituzte sariak erabakitzerakoan; eta ez bakarrik kirolarien kasuan, baita boluntarioen zerrenda osatzerakoan ere.
Horrela, Azpeitiko Urteko Kirolariak bi izan dira aurten: Mikel Larrañaga aizkolaria (Gipuzkoako txapelduna eta Euskal Herriko Txapelketa nagusian hirugarrena) eta Eneritz Larrañaga saskibaloi jokalaria (Iraurgi Saskibaloiko kidea, AEBetan Northeastern Oklahoma A&M College taldean lehiatzen ari dena). Kirol boluntarioei eskainitako sari nagusia, berriz, Lagun Onak Futbol Taldean batean eta bestean 30 urtetik gora daramatzan Joxe Mendizabalentzat izan da.
Mikel Larrañagari elkarrizketa egin dio Uztarriak abenduko aldizkarian.
Sari nagusiak eman aurretik, beste 26 kirolari edo taldek eta boluntariok jaso dituzte eurenak. Hau da aurtengo gainerako sarituen zerrenda:
- Ekain Uzkudun eta Eneritz Aramendi (atletismoa)
- Jorge del Cid eta Nerea Odriozola (automobilismoa)
- Ibon Guridi (saskibaloia)
- Julen Egiguren (esku-pilota)
- Juan Karlos Arellano, Aiora Beristain, Eva Astigarraga eta Maialen Aizpuru (igeriketa)
- Hirugarren Mailako Lagun Onak (futbola)
- Iker Hidalgo (boloak)
- Jon Larrañaga eta Nerea Gurrutxaga (karatea)
- Mikel Berasategi (txirrindularitza)
- Benigno Leon (txirrindularitza)
- Iñaki Uranga (xakea)
- Erik Leon (judoa)
- Iñaki Amubieta (futbola)
- Nahia Odriozola (gimnastika erritmikoa)
- Jabier Odriozola (boluntarioa, Ilunpe Pilota Elkartea)
- Joxemi Etxaniz (boluntarioa, Iraurgi Saskibaloia)
- Jon Marguello (boluntarioa, Azpeitiko Karate Taldea)
- Mane Garcia (boluntarioa, Lagun Onak Futbol Taldea)
- Patxi Isasmendi (boluntarioa, Xaputarrak Xake Taldea)
- Amaia Errasti (boluntarioa, Kimura Judo Kluba)
Saritu gehienak ekitaldian ziren, eta egoterik izan ez dutenen sariak beren klubetako edo familiako kideek jaso dituzte.