Hurrengo ostiralean, otsailaren 3an, hasiko da Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketa, eta gaur, hilak 28, aurkeztu dute txapelketa Sanagustin kulturgunean. Bertan izan dira Herriartekoaren hainbat parte hartzaile, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria zein Mikel Artola eta Eneritz Artetxe Herriarteko txapelketako koordinatzaileak. Jauregik, Artolak eta Artetxek eman dute txapelketaren nondik norakoen berri.
Guztira 38 taldek eman dute izena txapelketan, eta horietatik bi talde Erniarraitz Bertsozale Elkarteko azpeitiarrek osatutakoak dira. Talde bakoitzean sei lagunek hartuko dute parte. Aurreneko taldean, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria eta Jokin Uranga bertsolariak arituko dira; Oihana Labiano ordezkaria izango da, Gurutze Oiarzabal gai-jartzaile lanetan arituko da eta Oihana Aranguren epailea izango da. Bigarren taldea, berriz, Zestoako bertsolariekin batera osatu dute, eta honakoak izango dira parte-hartzaileak: Oier Etxeberria, Jon Ander Iriondo, Jon Gurrutxaga eta Aitor Salegi bertsolariak, Ane Iriondo gai-jartzailea, Xabier Azpillaga epailea etaEider Iturralde ordezkaria.
Herriartekoarekin, "Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi" nahi dela azaldu du Jauregik. Horrez gain, "parte hartzaile guztien txapelketa" izango dela nabarmendu du, eta "lehia baino gehiago" txapelketaren ardatza "gozamena" izango dela azpimarratu du.
Herriartekoak lau fase izango ditu:
- Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.
- Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.
- Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.
- Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Lehiatik kanpo gelditzen diren taldeak amaierara arte ekimenaren parte izango direla aurreratu dute txapelketaren arduradunek, eta kanporatzen diren bertsolariek "funtzio aldaketa soilik" izango dutela azaldu dute.
Herriarteko irudia Mirari Sagarzazu artista oñatiarrak egina da. Sintonia, berriz, John Dinner taldeko musikariek, Noel Calvo, Iñigo Caballero eta Iñaki Ormazabalek egindakoa da; eurei laguntzen aritu dira, Alex Calvo, Andoni Andueza eta Agurtzane Elustondo. Mikel Arizkorreta eta Noel Calvok abestu dute Asier Iriondok egindako letra. Grabazio lanak Legazpiko Subeltza elkartean egin dituzte, Iker Otegi eta Iñaki Gurrutxagaren laguntzarekin.