Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako irudi eta testu guztiak ikusgai daude Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2017ko ots. 8a, 11:47

Ikusgai dago Irudhitzen erakusketa Sanagustin kulturgunean. Atzo, otsailak 7, zabaldu zituen ateak eta ikusgai izango da bi astez. Bertan, Uztarria Komunikazio Taldeak Kultur Mahaiarekin eta Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean abiatutako Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako material guztia, irudi zein testu, dago ikusgai. Guztira, 85 argazki eta 32 testu aurkeztu ziren lehiaketara. 

Uztarriak mimoz eta ilusioz abiatu zuen Irudhitzen lehiaketa, herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatea helburu. Proiektua abiatzean jarritako gogoak eman du bere fruitua; izan ere, parte-hartzaileengandik harrera oso ona izan du egitasmoak. Horregatik, Uztarria Komunikazio Taldeak eskerrak eman nahi dizkie Irudhitzenen parte hartu duten herritar guztiei. 

Parte-hartzearekin gustura

Irudhitzen lehiaketara aurkeztu ziren irudi guztietatik hamabi nabarmendu zituzten argazki elkarteko kideek, ondoren 2017ko egutegia osatzeko. Behin irudiak aukeratutakoan, lehiaketaren bigarren zatia abiatu zen, eta parte-hartzaileek nabarmendutako hamabi argazki horiei hitzak jarri zizkieten. Testu horietatik hamabi onenak aukeratzeaz Anartz Izagirre, Izaro Zinkunegi eta Alaitz Olaizola arduratu ziren. Argazkien ataleko irabazlea Maialen Etxaniz izan zen, eta testuen atala Izaskun Egigurenek irabazi zuen, irudi irabazleari jarritako hitzekin. Lehiaketa amaituta, egutegia kaleratu zuen Uztarriak, eta bazkide guztiei banatu zien etxez etxe.

Hitzak eta irudiak uztartzen dituen lehiaketak iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere martxan jarriko du Uztarria Komunikazio Taldeak. Data gerturatzen joan ahala lehiaketaren xehetasunen berri izango duzue uztarria.eus webgunean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide